argia.eus
INPRIMATU
Uriarte sailburua berriz agertu da Alarde diskriminatzailearen aldeko argazki batean
  • Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Alarde diskriminatzailea babestu zuen Hondarribiko Kale Nagusian irailaren 8an, zenbait ordu lehenago Jaizkibel Konpainiaren kontrako irainak, txistuak eta plastiko beltzak zabaldu zituzten leku berean, sare sozialetan zabaldu den argazki batek erakusten duenez.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 14a
Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua erdian, alkandora gorridun emakumearen atzean irribarrez, irailaren 8ko argazki batean.

Hondarribiko Alarde diskriminatzailearen Instagram kontuak irailaren 8ko zenbait argazki publikatu ditu ostegun honetan, gizonak nagusi diren desfilea babesten duten emakumeei eskerrak emanez. “Alardea urtez urte zuei esker ospatzen da. Zuek zarete Hondarribiko Alardearen benetako funtsa”, dio zabaldutako mezuak eta argazkietako batean Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua agertzen da irribarrez.

Uriartek Hondarribiko Alarde diskriminatzaileari emandako babesak polemika eragin du aurten. Uztailean, emakumeei kantinera gisa bakarrik parte hartzen uzten dien desfilearen antolatzaileek Facebooken duten orrian agertu zen haren argazki bat. Arrazoia: Uriarteren alaba aurten konpainia baztertzaile batean kantinera gisa desfilatzeko aukeratu zutela.

Konpainia diskriminatzailearen whatsapp mezua

Polemika piztu eta zenbait egun geroago, El Diario Vasco egunkariari egindako adierazpenetan, Uriarteren alabak baieztatu zuen sailburuak Alarde diskriminatzailearekin daukan harremana: “Banekien botazioaren eguna zela baina nire lagunarekin joan nahi nuen ospatzera [hura ere kantinera izendatu zutela]. Amak ez zidan uzten eta esaten zidan itxaroteko. Whatsapp bat iritsi zitzaion, erakutsi zidan eta oso pozik jarri nintzen”.

Steilas sindikatuak larritzat jo zuen Uriartek Alarde diskriminatzaileari emandako babesa eta galdetu zuen “zer mezu transmititu nahi dion” sailburuak hezkuntza komunitateari berdintasun politiken inguruan. Sailburuak, bere aldetik, gaia “kontu pribatua” dela azpimarratu zuen.