2003-2017 urte artean izandako Hezkuntza sailburuei egotzi diete enpresek eskola jantokien prezioak adostu izanaren ardura. Sailburuei “geldotasunez” aritu zirela dio ikerkuntza batzordeak, Eusko Legebiltzarraren babesarekin.
Egungo Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Espainiako Estatuko Hezkuntza ministro bozeramaile Isabel Celaa eta Hezkuntza sailburu ohi Jose Antonio Campos eta Anjeles Iztueta arduradun politiko jo ditu ikerketa batzordeak, iruzur kasu horregatik. Eskola jantokien janaria kudeatzen duten enpresek –tartean, Ausolan, Cocina Central Magui, Cocina Central Goñi, Gastronomía Baska, Gastronomía Cantábrica, Tamar eta Eurest – prezioak adostu zituzten, eta horrek herritarrei gastuak handitu zizkien.
Ikerketa batzordeak egindako lanaren arabera, 70 eta 80 milioi euro arteko gainkostua eragin zuen iruzur kasu honek. Horietatik 42 eta 48 milioi euro artean gurasoek ordaindu zituzten, eta gainontzekoa diru publikoarekin. 2018an jarri zen martxan ikerketa hau, eta batzordeak jakinarazi duenez, irregulartasunak aurkitu zituen enpresen kontratazioetan.
PSE eta EAJ, desados
PSE eta EAJ talde parlamentarioek ez zuten bat egin batzordeak ateratako ondorioekin, eta bozketan aurkako botoa eman zuten osteguneko biltzarrean. Gainontzeko taldeek, ordea, aldeko botoa eman zuten. Alderdi sozialistak eta jeltzaleak adierazi zuten oposizioko botoak interes elektoralista eta alderdikoiak bultzatuta elkartu dituztela. Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko parlamentariak, berriz, “kontrol falta eta geldotasuna” salatu zituen.