argia.eus
INPRIMATU
Uri Tzafon mugimendua: Jainkoaren izenean, Libano kolonizatzera
  • Uri Tzafon 2023ko martxoan sortu zen, ehunka batzuk kide dira, baina milaka jarraitzaile ditu jada eta tinko jarraitzen du bere ideia nagusia saltzen: Libanoko Litani ibaitik hegoalderako lurraldea Galilearen iparraldea da, beraz, koloniza dezagun.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urriaren 04a
Uri Tzafoneko kideek dronak bidaltzen dituzte Libanoko hegoaldera, bertako herritarrei lur horietatik alde egiteko agindua emanez. Jewis Current

Mugimendu kolonizatzailea eta eskuin muturrekoa da, eta pentsa liteke bazterrekoa ere badela. Akaso horrela izango da gainera, baina bere ideiak azkar zabaldu daitezke, bereziki gaur egun, kolonoen mugimendua indarberrituta ari den Israelgo gizartean. Ikusi besterik ez Zisjordanian kolonoek nola hartzen dituzten gero eta lur gehiago, zein inpunitate maila duten eta zein sostengu handia duten Israelgo Gobernuaren –eta gizarte israeldarraren zati handi baten– aldetik.

Gaza berriz kolonizatzearen ideia ere gero eta indartsuagoa da, eta horren lehen urratsa litzateke Gazako iparraldea palestinarrez hustea. Urrats hori, lehenik helburu militarrekin egingo litzateke, Hamas behin-betiko garaitzeko helburuarekin; ondoren, aldiz, Israelgo gizarteko sektore indartsuen helburua Gaza berriz kolonizatzea da.

Iazko urriaren 7aren osteko Hezbollah-ren erasoen ondorioz, Israelgo iparraldeko mila herritar lekualdatu zituen Israelgo Gobernuak. 500 bat hoteletan barreiatuak daude gaur egun Israelen barrena, eta gobernuak iparraldeko herrietara itzularazi nahi ditu. Helburu horrekin saldu du Libanoren aurkako erasoa eta inbasioa.

Golan Garaiko kolonizazioa eredu

Uri Tzafon mugimenduarentzat ez du zentzurik Hezbollah-rekin ika-mika militarrean aritzea; edo bai, baina ez gaur egun arte egin den moldean. Haien ustez, Hezbollah borrokatu behar da Libanoko hegoaldetik kanporatzeko eta lurralde hori kolonizatzeko. Bi argudio nagusi erabiltzen dituzte horretarako: bata segurtasunarena, “bestela soldaduak joaten direnean, han kolonoak egon ezean, libanoarrak berriz datoz”; eta bestea biblikoa, haien ustez Libanoko hegoaldea Galileako iparraldea baita. Jesukristoren garaiko Palestina hiru eskualdetan banatuta zegoen eta juduek Galilea deitzen zuten iparraldekoa.

Zisjordania da gaur egun Israelek kolonizatuen duen lurraldea eta 700.000tik gora kolono bizi dira han. Hala ere, Uri Tzafonentzat, hori “kolonizatze eredu ahula da”, han milioika arabiar ere bizi direlako, horrek kolonizatzaileentzat dakartzan arazo guztiekin. Haien ustez, Golan Garaiko okupazioa eta kolonizazioa da eredua. Israelek 1967ko Sei Egunetako Gerran okupatu zizkion lurralde horiek Siriari, denborarekin siriarrez hustu ditu eta egun kolono israeldarrak bizi dira bertan. NBEk ez du okupazio hori onartzen, baina ezta Zisjordaniarena ere, eta han mugimendu koloniala gero eta indartsuagoa da.

Saioa, gainera, ez da oraingoa, mugimendu sionistak bere sorreratik dauka jarrita han begietako bat. XX. mendearen hasieran, sionistek Versallesko Bake Konferentzian dokumentu bat aurkeztu zuten Litani ibaitik hegoalderako lurralde osoa Mandatu Britainiarraren barruan sar zedin. Ez zen horrela izan, baina Uri Tzafonek gogoratu du Golan Garaiko lurraldea ere ez zegoela Mandatu Britainiarraren barruan eta kolono israeldarrak han daudela gaur egun. Sionismoak ez du alperrik landu Israel Handiaren ideia eta ametsak bizirik darrai askoren buruan. Wikipediak dioskunez, mugimendu sionista historiaz ari denean eta Galileako iparraldeaz hitz egiten duenean, Libanoko Litani ibaitik hegora dagoen lurraldeaz ari da. Azken hamarkadetan, alabaina, Israelgo iparraldea izendatzen dute izen horrekin, baina izendapen zaharra indarra hartzen ari da.

Hori da bidea, beraz, Uri Tzafonentzat: lurralde bat bertako biztanleez hustu, militarki hartu eta kolonizatu. Batek daki Netanyahu lehen ministroaren buruan zer dagoen, baina oraingoz, Libanoko hegoaldea herritarrez hustu egin dute eta militarki hartzeko saioari ekin berri diote. Astearte honetan ekin zion Israelgo armadak Libanoren inbasioari eta, Hizbollah-ren erresistentzia dela eta, atzera egin behar izan zuen. Asteazkenean, halaber, Hezbollah-k zortzi soldadu israeldar hil eta beste ugari zauritu zituen segada batean.

Parlamenturaino

Uri Tzafon mugimenduak Israelgo iparraldeko herriak bere mezu kolonizatzaileekin jantzi ditu, baina ez da horretara mugatzen eta Israelgo Parlamentura sartzeko indarra ere erakutsi du, eta ez nolanahikoa gainera. Joan den ekainean Gaza birkolonizatzeko mugimenduak bere ideiak barreiatu zituen Knesseteko batzorde batean eta Uri Tzafonekoak ere han izan ziren. Shlomo Karhi Israelgo Gobernuko Komunikazio ministroa hala mintzo izan zen Gazari buruz: “Jainkoak agindu zuen bezala, Gaza gurea da”. Moshe Feiglin parlamentari ohi eta eskuin muturreko kideak zera gehitu zuen: “Espero dut Libanoko akordioa Litaniraino iritsiko dela”. Eta Israelgo Gobernuko ministro eta Botere Juduko alderdi arrazistaren liderra den Itama Ben Gvirrek borobildu zuen Litania ibaiari buruzko aipamena: “Lehen Ministroak oraindik ez du harremanik gaiarekin, baina Jainkoaren laguntzarekin, izango du”.

Artikulu honetako informazioaren ardatza Jewis Current hedabidearen atarian aurkitu dugu, abuztuko datarekin argitaratu zen Hego Libano kolonizatzeko mugimenduaren barruan titulua daraman erreportaje sakonean.