argia.eus
INPRIMATU
Urgentziazko 10 harrera familia lortzeko kanpaina abiarazi du Arabako Foru Aldundiak
  • !Harrera, baduzu zer eman! lelopean, aurkeztu du Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Institutuak, 2021eko harrera-kanpaina. Sei urtetik beherako heurrei harrera egiteko prest diren familiak lortu nahi dituzte.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 20a
Argazkia: Eitb.eus

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Institutuak, 2021eko harrera familien kanpaina abiarazi du. 10 harrera familia lotu nahi ditu sei urtetik beherako haurrak jasotzeko. 'Harrera, baduzu zer eman' lelopean abiarazi du kanpaina eta babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako 10 harrera familia aurkitzea du helburu. 

Gaur egun, Araban 73 harrera familia daude. Horietatik 28k ez dute adingabeekin familia loturarik, eta guztira 37 haur eta nerabe hartzen dituzte. Rosalen Sanchez, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Familia Harrera eta Adopzioetarako Unitateko buruak adingabea hartu aurretik familiek eman beharreko pausoak azaldu ditu. Familiek lau asteko prestakuntza egin behar dute, eta, bertan, adingabearen profila eta historia ezagutu behar dituzte, izan ere, askok tratu txarrak, abandonua edota arduragabekeria sufritu dituzte.

Kanpainan parte hartu nahi duen familia edo norbanako oro, Gasteizko foru programetako hitzaldietara hurbildu daiteke. Azaroaren 23an izango da hurrengo topaketa, San Prudentzio Fundazioaren egoitzan, Dato kaleko 43an. Harrera programarekin kontaktuan jar daiteke: 945 77 30 52 telefono zenbakian edo acogimiento@araba.eus helbide elektronikoan.