argia.eus
INPRIMATU
Urduñan erasotzailea salatu du jotzeagatik neska gazte batek, eta Mugimendu Feministak mobilizazioak deitu ditu
  • Larunbatean salatu zuen erasotzailea jotzeagatik Urduñako neska gazteak. Aiaraldeko mugimendu feministak mobilizazioak deitu ditu ostiralerako: Laudion 19:00etan eta Urduñan 20:00etan.

Aiaraldea @aiaraldea 2018ko martxoaren 06a
Ertzain etxean jarri zuen salaketa larunbatean gazteak. Argazkia: Aiaraldea.

[Kazetaria: Izar Mendiguren Cosgaya]

"Larunbat arratsaldean indarkeria matxistaren eskuetan beste emakume bat erasotua izan zen eskualdean". Hala adierazi du Aiaraldeko Mugimendu Feministak: "Urduñako neska gazte batek salaketa jarri zuen bere erasotzailearen aurka". 

Asteburuan jarri zuen Ertzain etxean salaketa neska gazteak. Erasotzailea ez zen biharamuneko epaiketara azaldu, eta urruntze agindua ezarri diote.  Erasotzailea Laudioko mutil gaztea izaki, bi herrietan egingo dituzte mobilizazioak. Laudion izango da aurrena, elkarretaratzea, ostiralean 19.00etan Lamuza plazan. Jarraian joango dira Urduñara, 20:00etan abiatuko baita Foru plazatik manifestazioa. "Erasorik ez, erantzunik gabe! Autodefentsa feminista!" izango da leloa. 

Babes sareak, martxan

Ohar bidez, elkartasun eta babesa helarazi diete Mugimendu feministatik azken egunetan biolentzia matxistaren adierazpenak bizi izan dituztenei, "honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu". Ildo beretik, azkenaldian Orozkon, Amurrion zein Laudion jasandako erasoak gogorarazi eta gaitzetsi dituzte.

Salatzeko deia

Feministek azpimarratu dutenez, ez dira erasoen aurrean makurturik geratuko, saretzen jarraitu eta mobilizazioak antolatuko dituzte: "Emakumeok ahaldundu eta indarrak batuk ditugu, sistema hetereopatriarkal honek erreproduzitzen dituen indarkeri matxista hauek eten arte. Ez gaudelako bakarrik, asko gara, eta ez daukagu beldurrik!".

Informazio hau Aiaraldeak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.