argia.eus
INPRIMATU
Urduñako Herri Eskola bernaturalizatzeko obrak abiatu dituzte
  • Prozesua ez da obra huts bat izatera mugatuko, ikastetxeko hezkuntza plana ere eraldatuko baitu.

Aiaraldea @aiaraldea Txabi Alvarado Bañares 2021eko abuztuaren 25
Argazkia: Urduñako Udala

Abiatu berri dituzte Urduñako Herri Eskolako patioa bernaturalizatzeko obrak. Hormigoizko zorua kenduko dute, “baso jangarri” bat jartzeko, fruta-arbola eta barazki ugarirekin. Horrez gain, etxola ugari jartzea ere aurreikusten du proiektuak, jolastu eta klaseak aire librean aman ahal izateko.

 

 

 

Argazkia: Urduñako Udala

 

 

 

Hori da, hain zuzen, espazioak izango duen eginkizun nagusia: ikasleak naturarekin eta udalerriarekin elkarrekintzan jartzea.  

Lauzpabost urteko prozesua

Kataluniako El Globus Vermeli arkitekto taldeak abiatu zuen iaz eskola bernaturalizatzeko prozesua, Patios x Clima egitasmoaren barruan. Espainiako Estatuko zazpi jolastoki sartu ziren proiektuan, baina Urduñakoa izan zen EAEko bakarra.

Obrak orain hasi dituzten arren, lan ugari egin dute aurreko hilabeteetan. Iaz hainbat bilera egin zituzten udalarekin zein ikastetxeko hezkuntza komunitatearekin, egitasmoa azaldu eta lehen kontaktua egiteko. Maiatzean, aldiz, jardunaldiak antolatu zituzten, proiektuaren inguruan hausnartzeko. Bilera horietan jasotako ekarpenekin osatu zuten proiektu teknikoa, orain errealitateara eramaten ari direna. 

Hala ere, prozesua lauzpabost urtez luzatzea aurreikusi dute, prozesua ez delako obra huts bat izatera mugatuko. Ikastetxearen hezkuntza plana ere eraldatuko dute, bernaturalizatutako espazioaren erabilera hezkuntza zentroaren eguneroko jardunean txertatzeko.