argia.eus
INPRIMATU
Urduñako espetxean hil ziren presoen senideen bila ari da Jaurlaritza Extremaduran, identifikazio genetikoa egiteko
  • Eusko Jaurlaritzaren memoria arloko ordezkaritza bat Urduñako espetxean hildako presoen senideen bila ari da Extremaduran, herriko hilerritik ateratako gorpuzkien identifikazio genetikoa egiteko. Larunbatean aurkeztuko ditu orain arte egindako lanak Castueran (Badajoz).

Aiaraldea @aiaraldea Jone Gartzia Gerra 2023ko urtarrilaren 26a

Eusko Jaurlaritzaren memoria arloko ordezkaritza bat Extremaduran ari da Urduñako Espetxe Zentralean hildako zenbait presoen senideen bila, DNA probak egin eta gorpuzkien identifikazio genetikoa burutzeko. Izan ere, dokumentazio historikoaren arabera, 1937-1941 bitartean Urduñako Espetxean hil ziren 225 presoetatik gehienak extremadurarrak ziren (127), eta Castuerako (Badajoz) espetxetik eraman zituzten hirira. Gainerakoak Gaztela-Mantxakoak (41) eta Malagakoak (22) ziren.

Orain arte bi indusketa-kanpaina egin dituzte Urduñan, 2014 eta 2022an. Lanak Castuerako Udalarekin elkarlanean egin dituzte, Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bitartez eta Eusko Jaurlaritzaren Gerra Zibileko desagertuen bilaketa programaren barruan. Horri esker, 71 pertsonaren gorpuzkiak desobiratu dituzte, eta hauek identifikatzea da oraingo erronka. Gogora Institutua arduratzen ari da biktimak identifikatzeko lanak koordinatzeaz eta dagoeneko 41 familiarekin kudeatu du DNA lagina hartzeko prozedura.

Iragan abenduan egindako indusketetan 53 pertsonen gorpuzkiak aurkitu zituzten, herritarren inplikazioari eta auzolanari esker. Udalak adierazi zuenaren arabera, senideei itzultzen saiatuko dira eta, horretarako aukerarik ez dagoen kasuetan, Duintasunaren Kolunbarioan utziko dituzte gorpuzkiak.

Eusko Jaurlaritza Extremaduran

DNA eman dezaketen ahalik eta senide gehienekin harremanetan jartzea da Eusko Jaurlaritzak Castuerara egindako bidaiaren helburua. Horrez gain, orain arte egindako desobiratze-lanen berri eman nahi diete komunikabideei, memoria historikoko elkarteei eta biktimen senitartekoei. Aurkezpena larunbat honetan egingo dute, urtarrilaren 28an, Castuerako Turroi Museoan, 11:00etan.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izango da ekitaldiaren buru eta, horrez gain, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria bertaratuko dira, Extremadurako ordezkariekin batera.