argia.eus
INPRIMATU
Urduñako espetxe frankistatik identifikatutako bederatzigarren pertsonaren gorpuzkiak, bere senideen eskuetan
  • Francisco de la Cruz Orellanaren gorpuzkiak identifikatu ditu Gogora Institutuak, eta bere senideen eskuetan utzi ditu. 

Txabi Alvarado Bañares Aiaraldea @aiaraldea 2024ko urtarrilaren 04a
Urduñako Udaleko ordezkariak Francisco de la Cruz Orellanaren senideekin. Argazkia: Gogora

Francisco de la Cruz Orellanaren gorpuzkiak bere senideen eskutan daude, 80 urte baino gehiagoren ostean. Cruz Orellana Urduñako espetxe frankistan zendu zen. 2014an eginiko indusketan topatu zituzten bere hezurrak, hiriko hilerrian, baina Duintasunaren Kolunbarioan egon dira orain arte, bere unean ezin izan zituztelako identifikatu. 2022an jarri ziren senideak (Bizkaiko Mallabia herrikoak) Gogora Institutuarekin harremanetan, hilerrian indusketa berriak egin zirenean. Euren DNA laginak hartu zituzten orduan, eta modu horretan lortu zuten gozpuzkiak identifikatzea. 

Badajozeko Quintana de la Serena udalerrian lurperatuko dituzte hildakoaren hezurrak, bertakoa baitzen. 

Orain arte bederatzi pertsona identifikatu ditu Gogora Institutuak DNA proben bidez, ia guztiak Badajozekoak:

  • Fructuoso Llorens Tolosano, Badajozeko Fuente de Maestro herrikoa.
  • Manuel eta Salvador Del Amo Jimenez, anaiak, Villagonzalokoak (Badajoz)
  • Alejandro Gomez Hidalgo, Toledoko Carpio de Tajo herrikoa
  • Alfonso Tena Prieto de Don Alvaro, Badajozekoa
  • Domingo Galindo Gonzalez, La Moreran jaioa, Badajozen
  • Inocencio Gallardo Rebolledo, Magacelakoa, Badajoz
  • Bernardo Rodriguez Rincon, Badajozko Campanario herrikoa
  • Francisco de la Cruz Orellana, Quintana de la Serena, Badajozekoa

Gorpuzki gehienak 2023ko abuztuan entregatu zizkieten senideei, Duintasunaren Kolunbarioan eginiko ekitaldian:

Hala ere, beste 71 pertsonen hezurrak daude oraindik identifikatu gabe, eta horretan dihardu Gogora Institutua. Bide horretan, 60 familia ingururekin egin du harremana dagoeneko.