argia.eus
INPRIMATU
Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro
  • Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.

Aiaraldea @aiaraldea Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko abenduaren 04a
Aiaraldea

Urduñako hilerrian daude berriro Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, 2014an abiatutako indusketa lanei segida emateko. Azken urteetako lanetan 71 gorpu berreskuratu dituzte, eta hamar biktima identifikatzea lortu dute DNA laginei esker.

Astelehenean abiatutako kanpaina Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako hirugarrena da, eta aurretik lokalizatuta zituzten gorpuak deshobiratzea dute helburu. Hain zuzen ere, 2022an eraitsi gabeko horma-hobien azpian geratutako gorpuak dira datozen egunetan berreskuratuz joango direnak. Udalak horma-hobiak erretiratu ditu berriki eta, horri esker, Aranzadiko kideek aukera izan dute gorpuen bila hasteko.

"Kanpaina honen helburu nagusia da biktima horien gorpuzkiak aurkitu, berreskuratu eta identifikatzea, haien memoria duintzea eta familiei erantzunak ematea", aldarrikatu du Urduñako Udalak prentsa ohar baten bidez.

Hezurrak identifikatzea

Urduñako hilerrian lurperatutakoak 1939 eta 1941 urteen artean Urduñako espetxe frankistan hildako presoen gorpuak dira. Gogora Institutuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Urduñako Udalarekin elkarlanean, hezurrak identifikatu eta gorpuzkiak senideen esku uztea dute helburu.

Bide horretan, espetxean egondako 60 preso baino gehiagoren DNA laginak bildu ditu Gogora Institutuak, eta konparaketa batzuek emaitza onak eman dituzte honezkero. Guztira hamar biktima identifikatzea lortu dute, azkena joan den irailean bertan: Ramon Torres Donosoro.

Hauek dira orain arte identifikatutako biktimak:

  • Fructuoso Llorens Tolosano, Badajozeko Fuente de Maestro herrikoa.
  • Manuel eta Salvador Del Amo Jimenez, anaiak, Villagonzalokoak (Badajoz)
  • Alejandro Gomez Hidalgo, Toledoko Carpio de Tajo herrikoa
  • Alfonso Tena Prieto de Don Alvaro, Badajozekoa
  • Domingo Galindo Gonzalez, La Moreran jaioa, Badajozen
  • Inocencio Gallardo Rebolledo, Magacelakoa, Badajoz
  • Bernardo Rodriguez Rincon, Badajozko Campanario herrikoa
  • Francisco de la Cruz Orellana, Quintana de la Serena, Badajozekoa
  • Ramon Torres Donosoro
 Aiaraldea
 Aiaraldea
 Aiaraldea
 Aiaraldea
 Aiaraldea
 Aiaraldea
 Aiaraldea
 Aiaraldea
 Aiaraldea
 Aiaraldea

2023ko udan ekitaldia egin zuten hilerriaren aldamenean instalatutako Duintasunaren Kolunbarioan, eta senideen esku utzi zituzten identifikatutako lehengo gorpuzkiak: