argia.eus
INPRIMATU
Urdulizko ospitaleko langileek 24 orduko greba egingo dute eguenean
  • Osasun zentroko langileek "zuzeneko diskriminazioa" salatu dute Osakidetzaren aldetik, eta 2017tik dagozkien txanda-osagarriak ordaintzeko exijituko dute.

Hiruka .eus 2022ko otsailaren 02a
Urdulizko ospitaleko langileek urte bi daramatzate protestak egiten (Argazkia: SATSE)

Urdulizko ospitaleko langileek 24 orduko greba egingo dute eguenean, otsailaren 3an, Uribe ESIko zuzendaritzak ukatu dielako 2017tik dagozkien txandaka-osagarria ordaintzea. Deitoratu dutenez, aurreko zuzendaritzak alde bakarrez erabaki zuen langileen osagarri hori etetea.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, eta ESK sindikatuek zabaldu dute greba egiteko deialdia. Hala, egueneko goizeko 08:00etatik barikuko ordu berera greba egiteko deialdia egin diete ospitaleko behargin guztiei. Era berean, eguenean, 07:00etan manifestazioa egingo dute Larrabasterratik ospitalera arte, eta, 11:00etan, ospitaleko atarian elkarretaratzea egingo dute.

Sindikatuek azaldu dutenez, profesionalek pandemia osoan zehar herritarrakaz eta lanbideagaz duten konpromisoa erakutsi dute, baina, aspalditik, lan-baldintzak arautzen dituen akordioan jasotako eskubide baten murrizketa jasaten dutela salatu dute; horrek, "zuzeneko diskriminazioa" dakarkie, sareko beste ospitale batzuetan txandakako lanaren osagarria bai ordaintzen baita.

Bi urteko protesta

Langileek urte bi daramatzate protestak, salaketak eta negozioak egiten, baina sindikatuek azaldu dute langileak nekatuta daudela Osakidetzak emandako "tratu txarrengatik". Gainera, deialdia egin duten sindikatuak beldur dira Osakidetzak planifikatutako estrategia baten hasiera izango ote den, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren beste eremu batzuetara zabaldu gura dutena, hain zuzen ere.

Hori kontutan izanda, aipatutako sindikatuek exijitu dute 2022an txandaka lan egiten duten langile guztiei txandakako osagarria onartzea eta urte horietan guztietan langileek izan dituzten galera ekonomikoak ordaintzea.