argia.eus
INPRIMATU
Urdulizko ospitaleko 18 garbiketa-langile kaleratu dituztela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek
  • Urdulizko ospitalean lan egiten zuten Comercial de Limpieza Villar SA enpresako 18 garbiketa-behargin kaleratu dituztela salatu dute ELAk eta LABek. Sindikatuek Osakidetzaren jarrera deitoratu zuten joan den barikuan, hilaren 10ean, osasun-zentroaren aurrean egindako elkarretaratzean: "Modu desegoki eta kontzientean hartu dituen erabakiek, 18 langile kaleratzea ekarri du".

Hiruka .eus 2017ko azaroaren 14a
Joan den barikuan egin zuten protesta ospitalearen kanpoaldean. (Arg.: ELA-LAB)

Sindikatuek azaldu dutenez, Limpiezas Villarrek azaroaren 1ean kontratuak eten zizkien ospitalean behar egiten zuten 18 langileei. ELA eta LABek diotenez, enpresa azpikontratatuaren justifikazioa izan da Osakidetzagaz zuen harremana eten dela Urdulizen eta ez die langileei bestelako proposamenik luzatu. "Egoera onartezina dela deritzogu. Osakidetzak berak hartutako erabaki okerrak 18 langileei ordainarazi nahi diete eta ez da inolaz bidezkoa. Horregatik, 18 langile hauen etorkizuna bermatzeko konpromisoak har ditzatela eskatzen diegu Osakidetzari eta Limpiezas Villarri", zabaldu dute sindikatu biek.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra