argia.eus
INPRIMATU
Urdulizko ospitaleak PCR probak egiteko formazio espezifikorik gabeko praktiketako erizainak erabili dituela salatu du LABek
  • Urdulizko ospitalean berezko formakuntzarik gabeko 4. mailako erizain-ikasleak PCR probak egiten ibili direla deitoratu du LAB sindikatuak. Horrez gainera, "beharrezkoa den gainbegiratzerik gabe" ibili direla salatu du, "ikasle horien arduraduna ondoko gelan zegoelako, PCRak egiten ere bai". Sindikatuak azaldu duenaren arabera, egoera horrek hamaika egun iraun zuen, irailaren 23an ordubeteko saioko formakuntza jaso arte.

Iker Rincon Moreno Hiruka .eus 2020ko urriaren 08a
Urdulizko ospitalea.

LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, Urdulizko ospitaleko zuzendaritzak (Uribe ESI) praktikak egiten dabiltzan 4. mailako erizaintzako ikasleak erabili ditu PCR probak egiteko, "berezko formakuntzarik eman gabe (NBEak nola erabili eta PCR probak nola egin) eta beharrezko den gainbegiratzerik gabe". Sindikatuaren arabera, egoera horrek hamaika egun iraun zuen, joan den irailaren 23an ordubeteko formakuntza saioa jaso arte. "Une horretan ikasleak kezka handiz konturatu ziren ez zirela PCRak ondo egiten ari".

LABen ustez, eman den egoera onartezina da: "Osakidetzako ESIetako zuzendaritzek ezin dituzte erizaintza ikasleak erabili esku-lan merke bezala, formazio nahikorik eman gabe eta zuzeneko gainbegiradapean egon gabe. Erabiltzaileon osasunean ondorio txarrak izan ditzakeen arduragabekeria galanta baten aurrean gaude, erantzuleak dauzkana".

Sindikatu abertzaleak salatu du PCR probak eta aztarnari-lanak "modu deszentralizatuan" kudeatzen dituela Osakidetzak, "ESI bakoitza bere estiloan, eta inprobisazioa, ardura falta, kaosa eta errekurtsoen erabilera okerra nagusi dira". Horren aurrean, ekimen horien funtzionamendua "modu argian" arau ditzala eskatu dio Osakidetzako zuzendaritzari; osasun zentroetatik lan horiek egiteko atera dituzten langile guztiak ordezka ditzala, euren lan-zentroetako hutsuneak betetzeko; eta aztarnari lanak egiteko behar diren pertsonak profil administratiboko kategorietako kontratazio zerrendetatik dei ditzala.