argia.eus
INPRIMATU
Zuberoan euskara bultzatzeko telebista saioa
  • Gaur gaueko 20:30ean lau gazte talde elkartuko dira Zuberoako Urdiñarben. Azia elkarteko eta Aldudarrak Bideo kooperatibako langile eta laguntzaileak izango dira Mihia Pitz telebista saioa grabatzeko prest. Taldeen arteko jokoak egingo dituzte, beti ere euskara bultzatzea helburu.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 20a
Kanaldudeko langileak grabazio batean.

Laurent Bégueri Azia elkarteko presidentea da. Haren esanetan, Zuberoako gazteek euskara ulertzen dute eta etxean erabiltzen dute, baina kanpoan gutxi hitz egiten dute. Ahalegin horretan elkar hartu dute Azia elkarteak eta Aldudarrak Bideo kooperatibak. Urdiñarbeko, Barkoxeko, Gamere-Zihigako eta Hokiko (Sohutako auzoa) gazte talde bana izango da gaur Urdiñarben eta lau jokotan hartu beharko dute parte. Dantza egingo dute, mimoa ere bai, eta hitz jolas bat ere egingo dute. Azken saioan Zuberoako kantuekin karaokean aritu beharko dute. Ikusleek berebiziko garrantzia dute, haien txalo zaparraden arabera aukeratuko baita talde txapelduna. Euskara ulertzen ez duten ikusleentzat itzulpen zerbitzua egongo da eta aurkezlearen eta lehiakideen hitzak ulertu ahal izango dituzte.

Saioa Kanalduden, Aziaren webgunean eta TVPIn emitituko dute.