argia.eus
INPRIMATU
Urdaneta “fraide-konkistatzailearen” omenezko Ordiziako estatua eraisteko kanpaina sarean
  • Andres Urdaneta “ebanjelizatzaile eta konkistatzaile, bi aldiz gaizkilearen omenez” Ordiziako sarreran dagoen estatua kentzeko eskaera zabaldu dute Argentinako Indymedian. Horretarako, Ordiziako alkate Adur Ezenarrori (EH Bildu) eskutitz irekia luzatu diote.

Axier Lopez @axierL 2020ko ekainaren 18a
Andres Urdanetaren omenezko estatua Ordiziako Foruen pasealekuan.

Carlos de Urabá kolonbiar jatorriko idazle eta dokumentalistak abiarazitako kanpaina da. Bertan, jatorrizko herrietako erakundeen, Hego Amerika eta Ertamerikako eta Filipinetako enbaxaden, komunikabideen, eta giza eskubideen batzordeen atxikimenduak bilatzen dituztela dio. Helburu argi bat dute: Ordiziako (Gipuzkoa) alkatetzari presioa egitea, Andres Urdaneta fraide-konkistatzaileari eskainitako estatua erretira dezan.

2017an ere eskera bera argitaratu zuten hainbat webgunetan. Orduan, aurreko alkateari, EAJko Jose Miguel Santamariari, bideratutako eskutitz irekia izan zen. Berriz abiatu dute ekimena egunotan, AEBetan hasi eta nazioartera zabaldutako konkistatzaile, kolonialista edota esklabo trafikatzaileen omenezko estatuen aurkako ekimenek bultzatuta.

Eskutitzean diotenez, Ordiziako monumentuak Andres Urdaneta omentzen du, “superheroi sakrosantua” balitz bezala. Haren aurrean berari begira bi indigena daude, bat belauniko, buruan lumak dituztela. “Beren bekatuengatik barkamena eskatzen duten zurien azpiko eta arimarik gabeko arrazak ote dira?”, galdetzen dute eskutitzean. Eszena umiliagarria eta lotsagarria dela diote, eta ezin dugula ahaztu Espainiako koroaren helburu nagusia ez zela ebanjelizatzea bakarrik, baita arpilatzea, lapurreta eta esklabotza ere. “Misio oso noble bat, ezpataz eta gurutzeaz bedeinkatua”.

Plaza publikoan Urdanetaren omenezko estatua erakusten jarraitzea probokazioa dela azpimarratzen dute eta estatua behin hortik kenduta nora eraman dezaketen proposamenak ere luzatzen dizkiote Ordiziako Udalari: gomendagarriena Elizako bulegoetara eramatea izango litzateke, bestela, Guardia Zibilaren kuartelera. Paradoxikoa dela diote, Euskal Autonomia Erkidegoan Memoria Historikoaren Legea –sinbologia frankista oro ezabatu nahi duena– zorrotz betetzea, baina aldiz hain toleranteak izatea monumentu mota hauekin. “Ordiziako herriak merezi du garrantzi eta karisma handiagoko figura historikoekin lotzea, eta ez espainiar inperialismoaren ordezkari batekin”.

Amaitzeko, haien amorrua ulertzea espero dutela diote, ziur daudelako euskal herritarrok gauza bera egingo genukeela “Euskal Herriaren oroimena eta ohore ona” zikinduta ikusiko bagenitu.

Andres Urdanetaren ibilerak

Sareratu duten artikuluan Urdaneta ezagun egin zuten pasarte garrantzitsuenak ekarri dituzte gogora:

Andres Urdaneta. Militarra eta elizgizona. Molukak konkistatzeko Espainiako Inperioak antolatutako espedizioan parte hartu zuen. Inbaditzaileek askotariko ankerkeriak egin zituzten uharte haietako aborigenen aurka. Txinako itsasoetan espezien ibilbidearen bila egindako "abentura exotikoen" ondoren, Espainiara itzuli zen, eta Pedro de Alvarado konkistatzaile odolzalearen tropekin bat egin zuen. Alvaradok genozidioa eragin zuen Kuba, Mexiko, Guatemala, Salvador eta Hondurasko biztanleen artean. Tenochtitlan-Mexicoko Tenplu Nagusiko sarraskiaren erantzule nagusia izan zen 1520an. Bada, Pedro de Alvarado "heroiko eta ausarta" –kronista espainiarren arabera– izan zen Andres Urdaneta Espainia Berriko erregeordetzako postu garrantzitsuenetan jartzea arduratu zena. Hala, Urdaneta bilakatu zen esklabista eta torturatzaile Luis de Velasco erregeordearen konfiantzazko funtzionario, eta Moluketara eta Filipinetara konkista espedizio berriak egiteko eginkizuna eman zion. Espedizio hauek, pirateria ekintza arbuiagarritzat jo behar dira, euren misioa, Espainiako Inperioaren jabetzak eta Karlos V.a eta Filipe II.aren handitasuna handitzea baitzen.

1553an Urdanetak San Agustinen ordena erlijiosoan sartu zen Mexikon. Han, fraide ohiturak bere eginez, espainiar konkistaren egiazko ikur bihurtuz: fraide-konkistatzailea, ezpatarekin eta gurutzearekin Espainiako Inperioaren handitasuna goratzen duen misiolari-gerlaria.

Euskal Herrian eta Espainian duen ospea Miguel Lopez Legazpirekin duen loturagatik da. Legazpik Urdaneta eraman zuen Filipinetara eta horretarako Urdanetak 33 gipuzkoar aukeratu zituen konkista horretan parte hartzeko ("altxor eta esklaboz betetako paradisua, lurrean"). Ezpata eta gurutzea lagun, bandera inperiala goratuz Filipinak mendean hartu zituzten. Zenbat indigena filipinar hil ote zituzten inbasio kriminal honetan? Ez dakigu eta ez dugu inoiz jakingo, piztia basatitzat, arimarik gabeko jentiltzat edo deabruaren semetzat hartzen baitzituzten.

Historialari espainolistek Frai Andres Urdaneta kosmografo, marinel eta esploratzaile apartatzat hartzen dute (fraideak erregetza hispaniarraren izenekin bataiatzen zituen ‘aurkikuntza’ geografikoak). Bere meriturik handiena Filipinak Mexikorekin (Acapulco-Manila-Acapulco-metropoli) lotzen dituen itsas ibilbidearen aurkikuntza da, "Itzulerako bidaia" izenez bataiatu zuena.

Hurrengo 250 urteetan, Espainiako ontziek (Manilako galeoiak) ibilbide komertzial hori erabili zuten arpilatu eta lapurtutako altxorrak eta lehengaiak (esklaboen trafikoa barne, jakina) eraginkortasun handiagoz esportatzeko. Frai Andres Urdaneta ere Filipinetako ebanjelizatzaile eta heroitzat hartzen dute.