Arrasateko Udalak sare sozialetan jakinarazi duenez larunbat goizaldean kendu zuten ezezagunek gurutzea. Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan zegoen kokaturik, 1.120 metroko garaieran. 1971. urtean jarri zen eta 250 kiloko pisua eta 10 metroko luzera zituen. Oraingoz ez da gurutzea agertu.
Goizean goiz Udalatx mendira igo ziren mendizaleek eman zuten abisua. Antza denez 1971. urteko urriaren 12an inauguratu zen hildako mendizaleen omenez, orduan duela 53 urte zehatz. Gurutzearen oinarria eta zutoin nagusia besterik ez dira geratzen, eta zutoinean zerra more bat eta larunbateko data zeuden ipinirik.
Horrez gainera mendizaleen omenez gurutze bat aukeratu izanari kritika egiten dion olerki bat utzi dute bertan.
Hemen testua osorik:
Izan zitekeen harri, zutargi, mugarri edo oroigarri.
Izan zitekeen egur, enbor, lore edo landare.
Izan zitekeen arrano, ahuntz, bele edo sai.
Izan zitekeen aizkora, piolet, lai edo igitai.
Baina ez. Gurutze Santua da. Zen.
Horrek dakarren guztiarekin. Hartzen duen pisuarekin.
Eta bai. Hau ere omenaldi bat da. Orduan, eta harrezkero, zendutako mendizaleei eginikoa, ere bai.
Burdin puska honek daukan zama arinduta gainera. Historia guzti hori kentzen da haien motxiletatik.
Hegan egin ditzaten, haien ametsek, Marirekin batera, geure mendi eta bailaretan.
Libera ditzagun guztiak; arbasoen ametsak, sorginak, mendia eta Lurra, botere zapaltzaile guztien atzaparretatik at.
"Udalatx mendia gurutze gabe agertu da gaur. Ikertu beharko dugu zer den gertatu dena, eta, datozen asteetan, mendizale elkarte eta eragileekin elkartuko gara gaia sakontasun gehiagorekin aztertzeko, eta hartu beharreko erabakiak elkarlanean hartzeko", azaldu du Arrasateko Udalak X sare sozialean.