Zain Dezagun Urdaibai elkarte ekologistak, Busturialdeko hainbat bizilagunekin batera, Guggenheim Fundazioari eskutitza idatzi dio. Museoaren etorrerak Urdaibaiko biosferaren zaintza agintarien interes turistikoen aurrean makurraraziko lukeela adierazi diote.
Zain Dezagun Urdaibai elkarte ekologistak eta Busturialdeko hainbat auzokidek gutuna bidali diote New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Foundation-i. Idazkian eskatu diete Muruetan eraiki nahi duten museoaren proiektuari uko egin diezaiola, baita Gernika-Lumoko Dalia fabrika zaharrarekin lotuko lukeen Bide Berdea deiturikoa eraikitzeari ere bai. Bigarren kokaleku horretan, argudiatu dutenez, 1937ko Gernikako bonbardaketan hil zirenen gorpuak egon litezke. Gernika gerren aurkako eta bakearen eta memoriaren aldeko nazioarteko erreferentzia gisa bilakatzeko asmoarekin ez letorke bat proiektu horren eraikuntza, gaineratu dutenez.
Elkarteak New Yorkeko fundazioari jakinarazi nahi izan diote, zenbait hedabidetan proiektua “horrela definitzen dutela, publizitate hobea eman nahian: Bilboko Guggenheim Museoaren hedapena Urdaibain”.
Astelehenean bidalitako gutunean Urdaibaiko Biosfera Erreserban bizi diren edo lan egiten duten hainbat esparrutako 22 pertsonaren sinadura ere badago. Bizilagun horiek gogorarazi nahi diete Bilboko Guggenheimeko 22 patronatukideei “ez dutela utziko beren eguneroko bizitzatik kanpoko inork beren bizi-eremuari, orainari eta etorkizunari buruzko “erabakia lapurtzen”.
Eskutitzaren edukia otsailaren 12an eman zuten ezagutzera, Urdaibaietz plataformak antolatutako martxaren amaieran. Protestan bildutako auzokide ugarik Gernikan eta Muruetan museo bana jartzeak eragiten dituen desegokitasunen eta legezkontrakotasunen berri jaso zuten. Besteak beste, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak egungo agintarien interes turistikoen mesedetan sakrifikatzea ekarriko lukeela azpimarratu zuten, bi kokaguneetan urtero 140.000 bisitari inguru bilduko liratekeela kalkulatzen baitute. Martxaren amaieran, halaber, proiektu horien aurka egin eta egingo diren ekintzen berri eman zuten, antolatzaileek azpimarratu zutenez, “proiektu horien benetako edukiak ez dira ezagutzen ofizialki, eta itzal gehiago dituzte argiak baino”.
Ongorengoa da New Yorkeko Guggenheim fundazioari igorritako eskutitza: