Lurgaia fundazioak crowdfundinga ipini du abian, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren eremu batean lurrak erosi eta oraingo pinu eta eukaliptoen ordez baso autoktonoa landatzeko, haritzak batez ere. Diotenez, Bizkaian jatorrizko baso gehiena galdu da, hazkunde azkarreko espezieek haien lekua hartuta.
“Gaur egun ia ez da geratzen baso heldu eta zabalik Bizkaian”, dio Lurgaiak, “garai batean hariztiak zeuden eremuaren %90etik gora galdu egin da”. Fundazioak hamar urte daramatza Urdaibaiko Erreserbaren barruko Undabaso parajean lanean, lurrak bereganatu eta pinu eta eukaliptoen ordez espezie autoktonoak birlandatzen. Dagoeneko 26 hektarea dute, eta berriki akordioa egin dute beste 31 hektarea eskuratzeko.
Urte amaieran egingo ditu Lurgaiak lurren eskriturak, eta 108.000 euro ordaindu beharko dituzte datozen hiru urteetan. Orain arte bilduta dute funtsa nahikoa ez denez, crowdfunding kanpaina ipini dute martxan.
Espezie aldaketak hainbat onura ekarriko dituela diote, galtzeko arriskuan den paisaia mota bat berreskuratzeaz gain: zoruaren erosioa gutxitu, erreken ur kalitatea hobetu, biodibertsitate galera gelditu, klima aldaketari aurre egin CO2a hobeto atxikiz. Hazkunde azkarreko espezieen ordez haritzak landatuz, azken batean “benetako basoa” sustatzen dela dio Lurgaiak: “Basoaz ari garenean, gutxienez 100 urteko garapena eta 100 hektareako zabalera behar duen ekosistema konplexu batez ari gara”.
Basoak naturarekiko begirunez kudeatzeko eskatu dute
Baso Autoktonoen Nazioarteko Eguna (azaroak 23) dela eta, Bizkaian benetako basoa, nagusiki haritz, pago eta artez osatua, herrialdeko baso guztiaren %24 baino ez dela gogorarazi du Kolore Guztietako Basoak plataforma sortu berriak. Gainerako %76 eukalipto eta pinuek hartzen dute, eta gorantz doa portzentajea: eukalipto eremuek 2.000 hektarea gehiago dute bost urtean. Bizkaiko mendi publikoen %70 eukalipto eta pinuek betetzen dutela ere azpimarratu dute.
Horren aurrean, Europako iparraldean duela mende batetik hona eta berrikiago hurbilagoko eskualdeetan –Burgosko iparraldean, berbarako– erabiltzen den baso-politika alternatiboa ezartzeko eskatu du plataformak. Eredu horretan kalitatezko zur autoktonoa sustatzen da, baina eremu bateko zuhaitz guztiak aldi berean moztu gabe; modu horretan ziurtatu egiten da basoen osasuna eta, Kolore Guztietako Basoak-en esanetan, errentagarritasun ekonomikoa ere ona da.