argia.eus
INPRIMATU
Urdaibaiko ibai bat gehiegi lehortzeagatik delitu ekologikorik izan ote den ikertuko dute
  • Eguzki talde ekologistak salatu zuen 2020an Mape ibaitik behar baino ur gehiago atera zutela, ur eskasiari aurre egiteko. Azpimarratu du ez dela gertatzen den lehen aldia eta inguruko ubideetan ere berdin jokatu izan dutela.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 22a
Fiskaltzak prozesu judiziala abiatu du aztertzeko ea legeak baimentzen duen emaritik behera utzi zuten Mape ibaia, horrek bertako fauna eta flora arriskuan jarri ditzakeelako. (Argazkia: Eguzki)

Gernikako epaitegiak ikerketa abiatu du Busturialdeko Ur Partzuergoaren aurka, argitzeko ea 2020an Mape ibaia behar baino gehiago lehortu zuten, inguruetako ur eskasiari aurre egiteko. Eguzki talde ekologistak egin zuen salaketa 2021ean, urtebete lehenago ibaitik behar baino ur gehiago atera zutelakoan. Gaur egun Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren (BBUP) menpe dago Busturialdeko Ur Partzuergoa, 2021ean desegin ondoren.

Fiskaltzak prozesu judiziala abiatu du aztertzeko ea legeak baimentzen duen emaritik behera utzi zuten ibaia, horrek bertako fauna eta flora arriskuan jarri ditzakeelako. Eguzkik azaldu du Mape ibaia Urdaibaiko Batasuneko Garrantzizko Lekuaren (BGL) parte dela, eta, beraz, "ingurumen garrantzi handia duen ibilgu baten aurkako ekintza" dela ibaiaren lehortzea.

Talde ekologistak gaineratu du delitu ekologiko hau ez dela salbuespena, ez delako gertatzen den lehen aldia eta inguruko ubideetatik ere hartu izan dutelako behar baino ur gehiago. Salatu du erakundeek urteak daramatzatela eskualde horretako ur eskasiaren aurka behar diren neurriak hartu gabe.

Busturialdeko ur eskasia

Busturialdeko zenbait herritan aspaldikoa da ur eskasiaren arazoa. Batez ere abuztuan eta irailean gertatzen da, prezipitazio urrien ondorioz ur gutxiago egoten baita eskuragarri, eta eskaria handitu egiten baita turismoagatik. Nahiz eta urteko gainontzeko hilabeteetan Mapeko ura nahikoa izaten den ur eskaria asetzeko, lehorte garaian beharren %20 baino ez du asetzen. Are gutxiago, mantendu behar den emari ekologikoa kontuan hartzen bada; kasu horietan, eskari osoaren %10i erantzuteko gai baino ez da.