argia.eus
INPRIMATU
Urdaibaiko Guggenheimen proiektuak 40 milioi euro jasoko ditu Madrildik
  • Bizkaiko Foru Aldundiak akordioa sinatu du Espainiako Gobernuarekin diru-laguntza jasotzeko. Urdaibain "garapen iraunkorreko jarduera bereziak" bultzatzea du itunak helburu, foru erakundearen esanetan. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak museoaren proiektua begi onez ikusten dutela esan du.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko uztailaren 05a
Urdabaiko estuarioa, atzean Muruetako ontziola zaharra duela, hor eraikiko litzateke Guggenheimen egoitza berria. Argazkia: Mikel Arrazola / Irekia (CC BY-SA 3.0)

Urdaibaiko naturgunean Bilboko Gugenheim museoren zabalpena egiteko proiektuak aurrera jarraitzen du, eta finantzazioa zehazten hasi dira. Hala, Espainiako Gobernuak 40 milioi euro jarriko dituela iragarri du.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak eta Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak ituna sinatu dute asteartean, 2023 urtean Urdaibaien "garapen iraunkorreko jarduera bereziak bultzatzeko" ekintzak aurrera eramateko, eta tartean legoke Guggenheim museoaren egoitza berria. Akordioa Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu behar dute orain.

2023 urtean Urdaibaien "garapen iraunkorreko jarduera bereziak bultzatzeko" ekintzak aurrera eramateko eman du diru-laguntza Espainiako Gobernuak, eta tartean legoke Guggenheim museoaren egoitza berria

40 milioi euroak Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak jarriko ditu, baina ez da Guggenheim kudeatzen duen patronatuan sartuko. Patronatu horretan Eusko Jaurlaritza, Aldundia eta Salomon Guggenheim fundazioa daude gaur egun.

Aldundiak beste 40 milioi euro ditu aurreikusita Guggenheimarentzat. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, proiektua "definitu" ahala hartuko ditu finantzaziorako "konpromisoak", Bingen Zupiria bozeramailearen hitzetan. Nolanahi ere proiektua begi onez ikusi du Jaurlaritzak, "ekarpen positiboa" egingo diolako eskualdeari, bere ustetan.

Yellowstone erdian Guggenheim bat?

Beste herritar eta talde asko, ordea, museoaren zabalpen horren kontra azaldu dira irmoki. Urteak daramatzate ekarriko dituen kalteak salatzen, tartean masifikazioa edo turismo eta kultur eredu jasangaitza. Berriki, Guggenheim Urdaibai Stop herri mugimendua aurkeztu dute Gernikan.

Bustiraldeko hainbat talde bildu dira mugimendu horretan; gardentasun eta informazio falta salatzeaz gain, proiektuaren inguruko eztabaida publikoa eskatu dute: "Gauza bera egingo al zenukete Yellowstone edo Yosemiten?", galdetu zuten aurkezpenean.