argia.eus
INPRIMATU
Urdaibaiko Guggenheima konkretatu gabe, Juan Ignacio Vidartek utzi egingo du zuzendari kargua
  • Urtearen amaieran utziko du ardura postua. Zuzendaritza berritzeko prozesua jarriko dute martxan. Vidartek 32 urte pasatu ditu Bilboko Guggenheim museoko zuzendaritzari lotuta.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko maiatzaren 21

Bilboko Guggenheim museoa artean eraiki gabe zela, prozesua martxan jarriko zuen partzuergoko zuzendari hautatu zuten Juan Ignacio Vidarte, 1992an. Handik lau urtera ipini zuten museoko zuzendari nagusi. Urte honen amaieran utziko du kargua Guggenheimaren zuzendari lehen eta bakarrak. Hala ere, zuzendari emeritu izaten jarraituko du; fundazioaren parte, beraz. Vidartek esan du 2017tik pentsatuta zeukala kargua uztea, baina pandemia eta beste hainbat kontu tarteko, ez duela urratsa eman.

"Garai berri bat irekitzea" tokatzen dela adierazi dio Vidartek Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuari astelehenean egindako batzarrean, baita "museoa etorkizunera eramango duten beste begirada batzuk tokia izatekoa" ere. Patronatuaren parte dira EAEko erakunde printzipaletako ordezkariak: Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria da patronatuaren buru, eta alboan eduki ohi du Jaurlaritzaren Kultura sailburua, Bizkaiko ahaldun nagusia eta Kultura diputatua, Bilboko alkatea eta nazioarteko Guggenheim patronatuaren ordezkaritza.

Bigarren Guggenheimaren bila

Vidartek sutsuki bultzatu du Bilboko Guggenheimaren espantsioa, zabalpena, edo zuzenean bigarren bat eraikitzea. Sukarrietan miatu zuen lehenbizi, eta aukera hura baztertu eta begiz jo zuen 2018an Gernika-Urdaibai.

Hiru hamarkadatako ibilbideari agur esango dio Vidartek, hein batean, bigarren Guggenheimaren proiektua bideratuta utzi gabe. Hala ere, patronatuak bere figuratik zera azpimarratu du: 400.000 bisitari hartzeko jaio zela Bilboko Guggenheim museoa eta iaz 1,32 milioi jaso zituela, New Yorkeko Guggenheimak baino gehiago.

Astearte goizean egin du prentsa agerraldia Vidartek, eta esan du "etorkizuneko zuzendaritzari dagokiola" Urdaibaiko Guggenheima "bere bidean" jartzea.