Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen txangoa dira horren lekuko.
Bilboko Guggenheim museoaren fatxadara pintura gorri eta beltza bota dute Futuro Vegetaleko kideek, salatzeko Guggenheimeko Patronatua murgilduta dagoela "natur ondarean atzera-bueltarik gabeko kaltea eragingo duen makroproiektuan".
Bestalde, Guernica Gernikara taldeak ibilaldia antolatu du martxoaren 16an, Guggenheim-Urdaibai STOP plataformaren eskutik bertatik bertara ezagutzeko proiektuaren hedapen saiakera. Gernika-Lumoko Dalia lantegitik abiatuta, Muruetaraino joango dira. “Ez dezagun utzi Urdaibaiko udaberria zapuzten!”, adierazi du taldeak.
Eskualderako plan estrategikoa
Hain justu, Busturialdea-Urdaibai eskualderako Plan Estrategikoa egitea onartu du Eusko Jaurlaritzak, “eskualdearen garapen sozioekonomikoa sustatzeko” helburuz. Plan estrategikoan ez da Guggenheim aipatzen.
Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eman du planaren berri eta berak ere ez du proiektu polemikoa inongo momentutan aipatu. Zupiriaren hitzetan, plan estrategikoa joan den urtarrilean adostu zuten Iñigo Urkullu lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Plana bost jarduera-eremutan egituratuko da: jarduera ekonomikoa, prestakuntza eta enplegua; hiri-eraldaketa eta berroneratzea; kultura eta turismo jasangarria; mugikortasuna eta ingurumena; eta oinarrizko azpiegiturak.