argia.eus
INPRIMATU
Urdaibaiko Guggenheim eraiki nahi duten eremuan ingurunearen babesa murrizteko eskatu du Bizkaiko Aldundiak
  • Hain justu Guggenheim musearen egoitza eraiki asmo duten lekuan, ingurunearen zaintzarako babesa ia erabat kendu nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak: orain itsasotik hasita 100 metro lur daude babestuak, eta hogeira murrizteko eskatu dio Madrilgo Kosta eta Itsasoen Zuzendaritzari. Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk kritikatu dute erabakiak ez duela errespetatzen Biosferako ekosistema.

Lide Iraola 2023ko urtarrilaren 10
Beste Guggenheim museo bat eraiki nahi dute Muruetako ontziolan, Urdaibaiko Biosfera Erreserban. / Argazkia: Mikel Arrazola / Irekia

Urdaibaiko Biosfera Erreserban (Bizkaia) babestutako gunea murriztea eskatu du Bizkaiko Foru Aldundiak, hain justu Guggenheim museoa eraikitzekoak diren eremuan. Murueta ontziolaren jabetzako eremua da, baina administrazio publikoak eskumena du ingurunearen zaintzarako neurriak hartzeko; besteak beste, biosferarako kaltegarriak diren ekintza ugari debekatuta daude. Orain arte 100 metrokoa zen babestutako gunea, baina Bizkaiko Aldundiak Espainiako Gobernuko Kosta eta Itsasoen Zuzendaritzari eskatu dio 80 metrori kentzeko babesa zonalde horretan.

Astelehenean Batzar Nagusian baieztatu du informazioa Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalaren zaintzarako diputatu Amaia Antxustegik, baina ez du azalpen gehiagorik eman, eskaera oraindik tramitean dagoela argudiatuta. Urrian jarri zuten martxan.

Elkarrekin Bizkaiako alderdikide Hector Fernándezek azalpenak eskatu ostean baieztatu du informazioa Antxustegik. Fernándezek jakitera eman du, bestalde, Diputazioak babesik gabe utzi asmo duen eremua Urdaibaiko Erreserbako gunerik babestuena dela orain. Salatu du erabakiak ingurunea eta kosta zaintzeko oinarriak urratzen dituela, Naiz-ek jaso duenez.

EH Bilduk ere zalantzan ipini du erabakiak Kostaldeei Buruzko Legearekin bat egiten duen ala ez. 

Antxustegik erantzun du proiektuak ingurumena babesteko "behar beste neurri" izango dituela, baina oraindik ez dela horretarako garaia.

Guggenheim-en museoa Urdaibain

2008an hauspotu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Guggenheim museoaren bigarren egoitza eraikitzea. Ordu hartan aurrerapen txikia egin zuen proiektuak, hala ere, Eusko Jaurlaritzak diruz babestu ez zuela-eta. 2020an ordea, Europako Next Generation funtsak jasotzeko proiektuen zerrendan aurkeztu zuen Jaurlaritzak Urdaibaiko Guggenheim, eta Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak argi utzi izan du proiektua "bai ala bai" egin behar dela, "Europako laguntzekin ala gabe".

Hasiera batetik izan dira museo berriak ingurumenean izango dituen ondorioak salatu dituzten ahotsak: besteak beste, masa turismoagatik, eta Biosferako ekosistema hauskorrenak proiektua egin asmo den eremuan daudelako, Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistak jakinarazi duenez.