argia.eus
INPRIMATU
Urdaibaiko Biosfera Erreserba kontserbatzeko 1.300.000 sinadura lortzeko kanpaina abiatu dute
  • Seo/BirdLife GKEak eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak bultzatzen dute ekimena, eta sinadura kopuruak Bilboko museoak urtero dituen bisitarien zenbatekoari erreferentzia egiten dio. Zehaztu dute “inpaktu kritiko eta itzulezinak” eragingo lituzkeela Urdaibiako Guggeheimek, eta erreserba “berez museo bizia” dela.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 17a
Proiektuaren egoitzetako bat eraiki nahi dute gaur egungo Muruetako ontziolan. Argazkia: Mikel Arrazola / Irekia

Seo/BirdLife gobernuz kanpoko erakundeak eta Guggheinheim Urdaibai Stop herri plataformak sinadura bilketa abiarazi dute Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren defentsan, Solomon R. Guggenheim Foundation-i ekosistema horren “suntsiketari uko egiteko eskatzeko”. Protestak izan dira proiektu horren aurka azken urteetan, eta Seo/BirdLifek zabaldutako komunikatuaren bitartez adierazi dute erreserbako balioentzat “inpaktu kritiko eta itzulezinak sortuko dituen mehatxua” dela. Horrez gain, argudiatu dute ingurune hori “berez museo bizia” dela, “dibertsitate biologikoaz, kulturaz eta historiaz gainezka dagoen paisaia ikusgarria” baita. Urdaibaiko eskualdeak proiektu hori gabe ere turismo handia izaten duela aipatu dute.

Eragileen helburua 1.300.000 sinadura lortzea da. Kopuru hori zehaztu dute, Bilboko museoak urtero izaten dituen bisitari kopurua delako. Proiektuaren zuzendariei helarazi nahi diete herritarrek arbuiatu egiten dutela erreserban proposatutako bi egoitzen eraikitzea, horietako bat “estuarioaren bihotzean”. Proiektuak ingurumen, kultura eta gizarte-ikuspegitik kaltea eragingo duela aipatu dute.

Kritikoak instituzioekin

Seo/BirdLife eta Guggheinheim Urdaibai Stopen iritziz, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak “ahaztu” egiten dute erreserbaren helburua zein den: “Espezieen eta habitaten kontserbazio-egoera onari eustea, eta eskualdeko garapen iraunkor eta ordenatuarekin bateratzea”. Proiektuaren beharra justifikatzen duen argudiorik ez dutela ere salatu dute. Azpimarratu dute erreserba Kontserbazio Bereziko Eremua eta Hegaztientzako Kontserbazio Bereziko Eremua dela, eta Unescoren Biosfera Erreserban eta nazioarteko garrantzia duten hezeguneen RAMSAR konbentzioan jasota dagoela.

Proiektua bi urtez etengo zutela iragarri zuten urte hasieran Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, Bilboko Guggenheim museoko patronatuak proiektuaren inguruan “hausnartzeko” denbora hartu nahi duelako. Hala ere, Guggenheim Urdaibai Stopek adierazi zuen etenaldia ez dela “onargarria”, eta lanean jarraituko dutela proiektua “behin betiko bertan behera gelditu arte”.

Gardentasunik eza, tokikoen gaitzespena eta kostu handia

Aurtengo ekainean, urtero legez, Bandera Beltzak txostena argitaratu zuen Ekologistak Martxan eragile ekologistak. Bizkaiko kutsaduragatiko bandera beltza proiektu horri eman zion, zehazki Gernika eta Muruetan eragiten ari den kutsaduragatik. Hiru arrazoi nabarmendu zituzten: proiektuaren informazioaren inguruan gardentasunik eza, tokiko biztanleen gaitzespena eta ordaindu beharreko kostu handia. Bigarren urtez jarraian jaso du bandera beltza.