argia.eus
INPRIMATU
Urchueguiak, Lasarte-Oriako PSE-EEko alkate ohiak aitortu du urteetan delituak egin izana Nikaraguarako funtsekin
  • Ana Urchueguiak onartu egin du 2000 eta 2009 urteen artean Somoto herrira bideratutako funtsekin prebarikatu eta ondasun publikoa bidegabe erabili izana, eta akordioa egin du Fiskaltzarekin kartzela-zigorra saihesteko.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 02a

Ana Urchueguia Lasarte-Oriako alkate ohiak ez du kartzelara joan beharko Somotora (Nikaragua) bideratutako funtsak bidegabe erabiltzeagatik. PSE-EEko alkate ohiak akordioa egin du Fiskaltzarekin eta akusazioekin, delituak egin izana onartuta. 

Lasarte-Oria Nikaraguako Somoto herriarekin dago senidetuta, eta diru-laguntzak bidaltzen zituen bertako lankidetza proiektuetarako. Sinatutako dokumentuaren arabera, ordea, diru hori ez zen proiektu horietara bideratu. Akordioak dioenez, 81 espedientetan prebarikatu eta 39 aldiz dirua bidegabe erabili zuen alkate ohiak.

Urchueguiak 18 urteko inhabilitazio-zigorra jasoko du eta 2.160 euroko isuna ordaindu beharko du, Gipuzkoako Lurralde auzitegiak akordioa onartzen badu. 

Urchuegia hogeita lau urtez izan zen Lasarte-Oriako alkate, 1986tik 2010era. Bitarte horretan kargu politiko gehiago ere izan zituen: Espainiako Parlamentuko senatari, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide eta Eusko Jaurlaritzako goi-karguduna izan zen. 2010ean Txile eta Peruko ordezkari izendatu zuen Patxi Lopezek, 2013. urtera arte.