argia.eus
INPRIMATU
Urbasa-Andia natur-parkean dagoen harrobi baten kontra salaketa jarri du Gurelurrek
  • Naturaren defentsarako elkarteak salatu du harrobia "guztiz legez kanpo" ari dela ia 20 urtetik hona. Nafarroako Gobernuari harrobia berehala ixteko eskatu dio.

Guaixe .eus @guaixe 2016ko maiatzaren 10
(Argazkia: Guaixe.eus)

Naturaren defentsarako Nafarroako funtsak, Gurelurrek, Ingurumen Departamentuan salaketa aurkeztu du. Erakunde ekologistak dioenez, Urbasa-Andia natur-parkean dagoen harrobia “guztiz legez kanpo ari da eta ingurumen inpaktu nabarmenak eragiten ari da”. Gurelurrek dioenez, harrobi jarduerarako baimena 1997ko abenduaren 31n iraungitu zen. Erakundeko kideek gogorarazi dute 14 urte daramatela dagokion kontseilariaren aurrean salaketa aurkezten eta harrobia berehala ixteko eskatzen. Kexu dira Gurelurrekoak: “Gaian ardura duten erakundeek, Ingurumen Departamentua barne, 1999tik ez dute ezer egin”. Urbasa-Andia natur-parkeko patronatua joan den ostiralean bildu zen eta Gurelurrek gaia bileran azter zedin saiatu zen, baina departamentutik idatzizko erantzuna emanen zaiela jakinarazi zieten.

Nafarroako aurreko gobernuan Lourdes Goikoetxea Zubelzu Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen kontseilaria izan zen eta berak 2012ko ilbeltzaren 17an parlamentuan jakinarazi zuenez,  harrobiko ustiapen baimena 2024ko otsailaren 2an despedituko da.

Albiste hau Guaixe.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.