Etxebizitza berrien promozioak ez atzeratzea da Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen dekretuaren helburu nagusietako bat. Zentzu horretan, udalei "autonomia" gehiago emango diela ziurtatu du Denis Itxaso sailburuak.
Hirigintza Estandarren Dekretua sinatu du Jaurlaritzak eta 2012tik aldatu gabe zegoen hirigintza-araudia moldatu du modu horretan. Orain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietako urbanizazio planek malgutasun handiagoa eduki ahal izango dute, esaterako, etxebizitza bakoitzeko derrigorrez eraiki behar diren ekipamenduei dagokienez.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok asteartean Gobernu Kontseiluaren bilkura ostean azaldu duenez, udal-autonomiaren "aldeko apustua" egiten du dekretuak, haien esku egongo da erabakitzea auzo bakoitzean zein ekipamendu eta dotazio edo zuzkidura nahi duen: "Udalen sentsibilitatea eta bizilagunen errealitatearekiko hurbiltasuna funtsezkoak baitira hirigintza-beharrak diagnostikatzeko", esan du Itxasok.
Dekretuak hainbat neurri dakartza, besteak beste, biztanle bakoitzeko gutxienez 5 metro koadroko espazio librea izan beharko dute berdeguneek eta eremu publikoek, eta aparkalekuentzako edo garajeentzako plazak beharrean, bizikletentzako toki gehiago edukitzea ere sustatuko du.
"Saiatzen ari garena da errazagoa izan dadila lurzorua mugitzea", esan du Denis Itxaso sailburuak
Gainera, titulartasun publikoko lurretan zuzkidura-bizitokiak (erresidentziak, kolektibo zaurgarrientzako etxebizitzak...) eraikitzea ahalbidetuko du araudi berriak. Hemendik aurrera "baratze urbano bat" edo "parke bat" zuzkidura bezala onartuko da promozio berrietan.
"Saiatzen ari garena da lurzorua mugitzea errazagoa izan dadila", esan du sailburuak. Bide berean, orain arte zeuden "ziurgabetasunak argitu" nahi ditu Jaurlaritzak, eta horrela, etxebizitza-parke publiko berrien promozioetan egon daitezkeen atzerapenak saihestu.
Dekretuak, "hiri modernoagoak" sortzen lagunduko duela ziurtatu du Itxasok, eta horrekin batera, operatzaile publiko zein pribatuek, urbanizazioak diseinatzerakoan derrigorrez aurreikusi behar dituzten ekipamenduetan malgutasun gehiago izango dute, etxebizitza berriak errazago eraikitzeko.
Etxebizitzaren krisia larriagotu eta kezka iturri nagusi bihurtu da azkenaldian jende askorentzat, baina ez etxebizitza berrien falta dagoelako, baizik eta sarbide irisgarririk ez dagoelako.