Matthew Urakana Haititik igaro eta bi astera 1,4 milioi biztanle inguru daude laguntza beharrean, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak azaldu duenez. Elikagai arazo larriak direla eta, kolera agerraldi berri bati buruz ari dira medikuak. Malaria, dengea, pneumonia eta halako gaixotasunak hedatzeko arriskua dago.
Matthew urakanak Haiti astindu zuen urriaren 4an. Orduko 230 kilometroko haize ufadek eta euriak ondorio larriak eragin zituzten hainbat herritan. Urakanetik bi astera, elikagaiak, ura eta aterpeak dira bertako biztanleek dituzten premiazko beharrak.
Haitiko autoritateen arabera, 175.000 pertsona aldatu behar izan dira lekuz, eta 1,4 milioi biztanle inguru daude laguntza beharrean. 23 osasun zentro suntsituta gelditu dira, eta gero eta sendagai eta osasun material gutxiago dago, errepideak blokeatuta daudelako. Horrez gain, urakanak laborantzan eragindako kalteak agerikoak dira, lurra hondatuta dago oraindik, eta janariaren prezioak gora egin du.
Elikagai ezak arazo larriak eragin ditu, baita kalitate txarreko aterpeek eta laguntza medikoa jasotzeko zailtasunak ere. Horien ondorioz, malaria, denge eta pneumonia eta halako gaixotasunak hedatzeko arriskua dago.
Kolera agerraldi berri bati buruz hitz egiten dute bertan lanean ari diren medikuek, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak azaldu duenez. Zabaldu dituen datuen arabera, 700 pertsona baino gehiago tratatu dituzte gaixotasun horrek jota.
Orotara, 1.614 kontsulta egin ditu erakundeak kalte gehien izan dituzten eskualdeetan: Nippes, Grande Anse eta Sur. Ur horniketan jarri du arreta berezia. Gaixotasunak ekiditeko asmoz, kloro pilulak banatu ditu, eta hamar ur biltegi instalatu ditu.