argia.eus
INPRIMATU
“Ura moztu didate 278 euro zor nituelako”
  • Ordainketan hiru hilabeteko atzerapena izateagatik moztu egin dio Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak etxeko ur-korrontea adingabeko bi seme-alaba dituen Mariama-ri. Hiru hilabeteko atzerapena, zifretan esanda, 278,95 euro.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 05a
2015ean Bizkaian milatik gora etxetan egin dira ur-mozketak, Berri Otxoa elkarteak salatu duenez (argazkia:publico.es).

Elkarrizketa egin dio Publico egunkariak 2010ean Ginea Bissautik Bilbora etorritako emazteari. Lehen ur-mozketa 2017ko urtarrilean egin zioten eta lau bat egunez egon ziren etxean urik gabe. Aitortzen du ingurukoek lagundu ziotela ordainagiria pagatzen, baina martxoan berriz ere ordaindu ezinda geratu zen.

Urtarrilean erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak ordura arte jasotzen zuen Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta moztea. Orain auzitegietan dago gaia, berriz ere errenta hori jasoko duen ala ez ebazteko.

Berri Otxoak elkarteak lagunduta egin du bidea Mariamak. Elkartea ahalegindu da ezagutzen 2016an Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak zenbat ur-mozketa egin zituen, baina oraingoz 2015eko datuak soilik lortu ahal izan dituzte. Bizkaian 2015ean milatik gora mozketa izan zirela salatu du Joseba Martinez taldeko bozeramaileak.