argia.eus
INPRIMATU
Ura izango du ardatz 8. Ekozinemaldiak
  • Munduko adibide ugari hartuta, ikuspegi ekonomiko, sozial, ekologiko eta politikotik jorratuko du ura Ekozinemaldiaren 8. edizioak. Ekologistak Martxan elkarteak antolatuta, 12 pelikula eskainiko dituzte herri urgaritan, gaur hasi eta martxoaren 28ra bitartean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko martxoaren 17a
Ikuspegi ekonomiko, sozial, ekologiko eta politikotik jorratuko du gaia zinemaldiak.

Botilaratutako uraren industriak sortzen dituen ingurumen kalteak; ozeanoetan pilatutako plastiko andanaren ondorioak (kilometro koadroko 74.000 plastiko zati daude, batez beste) eta horri aurre nola egin diezaiokegun; Guatemalako Atitlan lakuaren inguruan bizi diren biztanleek laku horrekin duten harreman estua; ur beharrak etorkizunean eragin ditzakeen gatazkak; lurralde ugaritan, presa eta azpiegitura hidroelektriko erraldoiek eragindako herritarren desplazamendua eta kalte ekologiko handiak; uraren gestioa enpresa pribatuetatik esku publikoetara igarotzeko Uruguain egindako erreforma politikoa; edota Espainiako Estatuan uraren gatazkaren atzean egon den ustelkeria politikoa. Horra zinemaldian jorratuko diren gaiak.

Batez ere Hego Amerikako kasuak dira pelikulotako protagonistak, baina badira beste lekutako adibideak ere: zehazki, Euskal Herria, Argentina, Brasil, Ekuador, Amerikako Estatu Batuak, Guatemala, Peru, Bolivia, Uruguai, Kolonbia, Kurdistan eta Txileko kasuak.

Herriz herriko emanaldiak

Lizarran, Basaurin, Bilbon, Irunen, Iruñean, Leioan eta Trapagan antolatu dituzte saioak. Leku zehatza, egitaraua eta ordutegia jakiteko, sartu Ekozinemaldiaren blogean.