Bainu sasoian ur kutsakorren “milaka metro kubiko” bota omen dituzte Nerbioira, Erandio eta Getxoko auzo elkarteek, Eguzkik eta Ekologistak Martxanek adierazi dutenez.
Bilboko Ur Patzuergoak bere instalazioetatik ibarrera "ur beltzak eta hondakin-urak" botatzen dituela salatu dute Erandio eta Getxoko auzo elkarteek, Eguzki eta Ekologistak Martxan talde ekologistekin batera.
Erakundeek azaldu dutenez, azken urteotan "ohiko" bihurtu dira isurketa horiek; "osasun publikoan eta ingurumenean izugarrizko eragina izan arren", kexatu dira. Hilero, bainu-sasoian, Galindoko Araztegiak Bilboko itsasadarrera "milaka metro kubiko hondakin-ur" isuri dituela diote.
Ur Partzuergoak Lamiakon duen ponpaketa-geltokitik ere astero isurketak gertatzen direla salatu dute. Praktika horiek bertan behera uztea eta azalpenak ematea eskatu diete administrazioei.