argia.eus
INPRIMATU
Ur gaineko bidea
  • Azaroaren erdialdera eman zuten Zazpi T'erdik ekoitzitako La vía flotante filma Bartzelonako L'alternativa zinemaldian. Proiektuak Iruñeko Punto de Vista jaialdian X Filmak saria lortu zuen 2018an, eta garapen prozesuan dauden filmak bultzatzeko ekimen horren laguntzarekin, urtebete eman dute aurrera eramaten. Epe horren baldintza hartuta, Nafarroako lurraldeak miatzen dituen lana gauzatu dute Pello Gutiérrez, David Aguilar Iñigo eta Iñaki Sagastumek.

Ainhoa GutiƩrrez del Pozo 2019ko abenduaren 20a

Gizakirik gabeko paisaiak ditu filmak eszenatokitzat, lurreko biztanleok desagertu ostean, gure esistentziaren arrastoa soilik gelditu izan balitz bezala bertan. Tarteka, irudiekin harremantzen diren irrati uhinak jolasten dira, eta horren gainean, etorkizunari mintzo zaizkion irrati-amateurrak. Hipotesi post-apokaliptiko bati erantzuten dio filmak, non gizakiak sorturiko sistema guztiak desegingo balira banaka-banaka, desagertzen azkenak irrati-uhinak liratekeen. Zer gertatuko litzateke, bat-batean, dena galduko balitz?

Zuzendarien gidaritza tonu malenkoniatsuan gauzatzen da. Esperientzia plastiko-sensorialaren bitartez, irudien testuren bidez, entzunezkoez giroa eraikita... Soinua eta espazioa, barrua eta kanpoarekin lotzen dira, batak besteari erreferentzia eginez. Ikuspuntua esploratzailea da, bilaketazkoa; bilatzen dena, gizakiak paisaian utzitako arrastoa. Apokalipsi osteko egoera horretan, naturak berreskuratu du lurra.

Egileak zientzia ez-fikzioz zuzentzen dira proiektura: egungo Nafarroan dokumentala filmatuz gizakia desagertu denaren fantasia eraikitzen dute. Uste dut Truffaut zela fikzio eta dokumentalaren artekoaz esaten zuena fikziozko filma batean euli bat sartu izanak zera erakusten zuela, beti dagoela errealaren zerbait zeharka sartzen dena, ustekabean. Orainaldiak etorkizunari hitz egiten dio, iraganaz. Irrati-amateurren ekintzak antzeko esanahia du. Orainean kokaturik, gerora entzungo dituenarentzako mezuak erregistratzen dituzte, etorkizunaren kontzientziaz. Hori egite hutsak laburtzen du, hein handi batean, gizakiaren bizitzarekiko lotura: iraganeko nostalgiaz aritzea, geroaren nostalgiaz bezainbeste. "Jakingo al dute gutaz?" eta esistentziaren krisia. Historiari agur gutuna da, orainaren erregistroa eginez geroarentzat. Eta ez al da, finean, hori zinema? Momentuz, hatz bat ilargiari begira.