Martxoaren 24tik 26ra izango da nazioarteko mobilizazioa. Sareko kideek "aurrekari garrantzitsua" izango dela uste dute, eta Euskal Herritik bertaratzeko auto sistema martxan jarriko dute. Poitiersen ur erreserba handien aurka borrokan hilabeteak daramatzate.
Uraren defentsaren alde Poitiers eskualdean (Akitania) nazioarteko mobilizazioa deitu dute martxoaren 24tik 26ra, eta Ostia Sareak bertaratzeko deia egin du, "elkartasuna indartzeko".
Ostia lurraren eta etxebizitza eskubidearen aldeko Ipar Euskal Herriko herritarren mobilizazio sarea da, eta adierazi du "beharrezkoa" iruditzen zaiela Bassines Non Merci, Confédération Paysanne eta Soulèvements de la Terre taldeek antolatuko duten hitzordu berri horretara joatea, ur erreserba erraldoien aurka egiteko.
"Ipar Euskal Herrian, lurren artifizializazioaren aurka eta laborantza eredu zuzenagoaren alde borrokatzen garen heinean, ur erreserben geldiaraztea garaipen herrikoia litzateke", adierazi du Ostiak. Aurrekari inportantea izango dela uste dute, "lurraren aldeko beste dinamika guztientzat" eta "Pariseko gobernu ultra liberala" eta agro-industriaren hedapena geldiarazteko.
Hilabeteak dira agroindustriaren eta bere mega-bassine edo uraska erraldoien aurkako mugimendua hasi zela Frantzian. Ur erreserba hauek lurzoruko, erreketako eta euri iharretako urak laborantza intentsibora bideratzen dituzten makroproiektuak dira.
Manifestaldia larunbatean goizeko 10:00etan izango da. Poitiers Euskal Herritik 4 ordura dago autoz, eta Ostia sareko kideek iragarri dute Euskal Herritik Poitiersera joateko auto partekatze sistema martxan jarriko dutela. Hala, izena emateko orria sortu dute martxoaren 25ean izango den manifestaziorako.
Mobilizazio ugari egin ditu Bassines non Merci kolektiboak. Adibidez, orain dela zenbait hilabete hainbat mila pertsona lanak egin nahi dituzten lekura joan ziren eta Poliziari aurre egin zioten:
Bestelako ekintzak ere egiten dituzte, ondorengoa adibide: