Santurtzitik itsasontziz eramaten dute ura eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunen arbera uraren kalitatea bermatuta dago. Behin-behineko neurria da eta epe luzerako irtenbidea Zadorrako ura Mungiatik Bermeora eramateko hodia egitea dela adierazi dute. Eguzki mugimendu ekologistak zalantzan jarri du sare sozialetan zabaldutako bideoaren inguruan partzuergoak eman duen azalpena.
Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa ura Santurtziko portutik Bermeokora itsasontziz garraiatzen hasi da, dagoen ur eskasiari aurre egiteko. Ez ohiko egoera bati erantzuteko ez ohiko neurri bat izan dela azaldu du Pedro Barreiro Ur Patzuergoko kudeatzaileak. Gaineratu du Bizkaiko urtegiak edukieraren %70ean daudela eta, ondorioz, egoera normala dela eta ez dagoela ur eskasiarik. Bizkaiko kostaldeko herri batzuetan, ordea, egoera bestelakoa da: “Eskualde horietan ura akuifero, errekasto eta ibaietatik hartzen da, eta, beraz, hain euri gutxi egin izanak eta tenperatura altuek eragin dute aurtengo egoera ezohikoa”. Hala jaso du Berriak.
Hainbat herritar uraren kalitatearen inguruan kezkatuak zeudelako, Barreirok adierazi du ez dagoela ur horrek baino kontrol gehiago duenik. Izan ere, itsasontziaren tanga lau aldiz garbitu omen dute eta osasun zerbitzuek beharrezkoak diren baimen eta oniritzi guztiak eman dituzte.
Partzuergoak ura itsasontziz garraiatzea irtenbiderik merkeena dela adierazi du. Proiektuak 1,8 milioi euroko aurrekontua dauka eta partzuergoak adierazi du 1.497.000 euro ordainduko dituela BEZa ez dutelako ordaindu behar. Itsasontzia urrira arte egongo da lanean. Hala eta guztiz ere, beharrezkoa balitz, epea luzatzeko aukera dago eta arazoa lehenago konponduko balitz zerbitzua eteteko aukera ere egongo litzateke. Betiere gastu finko batzuk ordainduz.
Horrez gain, sare sozialetan zabaldu zen itsasontzitik ura ateratzen zela erakusten zuen bideoaren polemikaren inguruan ere mintzatu dira partzuergoko arduradunak. Bideoan ura isurtzen ari zen itsasontziko hodietatik itsasora eta batzuek istripua izan zela esan zuten. Arduradunek, ordea, adierazi dute ez zela istripua izan, proba bat baizik.
Hona sare sozialetan zabaldutakoa:
Este es el famoso barco que ha contratado el PNV y sus corruptos monaguillos para transportar agua potable hasta Bermeo. 1,8 millones de costo
Ahora como no tienen donde enganchar a la red lo están soltando en el puerto.
Y todavía nadie va a parar a la cárcel pic.twitter.com/oPfKbiRP6x
— Gorka Lopategi (@GorkaLopategi) August 17, 2022
Eguzki euskal elkarte ekologistak proiektua kritikatu du, eta ur litro bakoitzaren kostua kalkulatu du. Ur litro bakoitza 0,90 euro kostatuko da eta horri ponpaketaren kostua eta urarena gehitu behar zaizkio. Beraz, nabarmendu dute hobe litzatekeela “dendetan ura doan hartzeko bonoak oparitzea”. Bideoaren harira ziurtatu dute Bermeoko EAJren arabera bideoan agertzen dena matxura txiki baten ondorioa dela, baina adierazi dute eragin garbia dela litroko euro bat edo gehiago kostatzen den ur hori alferrik galtzen ari dela.
Gainera, elkarte ekologistak eskatu du laginketa guztien berri eman dezatela, zalantzak argitzearren. Zadorrako ura Mungiatik barna Bermeora eramatearen proiektua ere kritikatu du elkarteak.
Bilbo Bizkaia Ur Partzuegoko Aktiboen Kudeaketa eta Ustiapeneko zuzendaria da Koldo Urkullu. Hark adierazi du arazoaren behin betiko irtenbidea “Zadorrako ura Mungiatik Bermeora ekartzeko hodia” egitea dela. Oraingoz, ordea, lanaren diseinua esleitzeko prozesuan dago eta bertan bi milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du partzuergoak. Hamazazpi kilometroko hodia eraiki eta Bermeoraino iristeko Sollube mendia tarte batzuetan zulatu beharko dute.