Europarako Liberal eta Demokraten Aliantzak (ALDE) UPyD alderdia onartu du, talde berean dauden EAJ eta CDCren kontrako botoekin. Trukean, autogobernuari buruzko azpitaldea sortzea onartu du ALDEk.
UPyDko lau parlamentariak eta Ciudadanoseko biak liberalen taldean jardungo dira Bruselan, Sosa Wagner UPyDko zerrenda-buruaren esanetan “Espainiako lurralde batasuna” defendatzeko asmoz. CiUk eta EAJk euren kontrako botoa aktan jasotzeko eskatu dute, Convergènciako parlamentari Ramon Tremosaren esanetan Rosa Díezen alderdiak ez duelako “printzipio demokratikoa eta Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak esandakoa errespetatzen”.
Talde barruan erregioetako autogobernuen azpitaldea sortu dute eta bertan, besteak beste, herritarren erabakitzeko eskubidea aztertuko dute. ALDEko presidente Guy Verhofstadt-ek esan du liberalen taldeak ez duela asmorik iritzia emateko lurraldetasun kontuetan.
ALDEn 67 europarlamentari daude oraingoz, ganberako hirugarren indarra da, baina azkeneko hauteskundeetan 25 parlamentari galdu zituen eta babesak lortu nahian dabil kosta ahala kosta. Hain justu Flandriako Aliantza Berria (N-VA) eskuineko alderdi independentistak bere 4 parlamentariak talde horretan sartu ala ez erabakiko du aurki.