argia.eus
INPRIMATU
EHUko Errektoretzak “gaitzetsi” egin du ustezko espioitza eta salaketa jartzea aztertzen ari da
  • EHUko Errektoretzak komunikatu batean "ahalik eta irmotasunik handienarekin" gaitzetsi du unibertsitate-zentroko langileen ustezko espioitza kasua. Infolibrek ezagutarazi zuen Kitchen kasuaren barruan, EHUko langile bati buruzko informazioa pasa ziola unibertsitateko segurtasun buruak Espainiako Poliziari.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 16a

Naizek jaso duenez, EHUko Erretoretzak ostegunean adierazi du "ahalik eta irmotasunik handienarekin gaitzesten" duela unibertsitateko langileei ustez egindako espioitza, eta gogorarazi du "erabat debekatuta" dagoela unibertsitateko langileei buruzko datu ez publikorik ematea, datu horiek epailearen aginduz eskatzen ez badira.

Era berean, filtrazioen inguruan ez dakitela ezer eta legez kanpo diharduenari unibertsitateak salaketa jarriko diola adierazi du.

Jakinarazpenaren bigarren puntu batean, pertsona jakin batzuen ibilbidea jarraitzera bideratutako jokaerak "gaitzetsi" ditu. Halaber, uste du "jarrera makurra eta funtsik gabea dela filtrazio hori egungo errektoretza taldeko konfiantzazko langileei egoztea".

Amaitzeko, "zuzenean kaltetuta" izan diren pertsonekiko elkartasuna adierazteaz gain, "ekintza administratibo edo judizialak" abiatzea aztertuko duela esan du.

Kitchen kasua

EHUko Errektoretzaren jakinarazpena etorri da LABek Eva Ferreira errektoreari azalpenak eskatu ostean. Infolibre erakundeak argitaratutako informazioaren arabera, EHUko segurtasun-buruak zentroko langileen filiazio politikoari buruzko informazioa eman zuen Kitchen kasuan murgilduta dagoen polizia-sarean.

Mariano Rajoyren Gobernuan Segurtasuneko Estatu idazkari ohi Francisco Martínezek, Espainiako Poliziaren Laguntza Operatiborako Unitate Nagusiko (UCAO) arduradunekin trukatutako WhatsApp mezuetan, EHUko irakasle bati buruzko erreferentzia agertzen da.

LAB sindikatuak esan zuen, baieztatuz gero, informazio hori "bereziki larria" dela, eta azalpenak eskatzen zizkiola unibertsitateari.