Zer egin du EHUk euskal gatazkaren konponbidearen alde azken bost urteotan? Badirudi aurreko errektorea uzkur ibili dela hedabide eta erakunde espainiarzalek zer egingo duten kezkaturik; eta errektoregai berriaren programa irakurriz, ez dirudi ezer berririk etorriko denik.
Euskal Herriak, hegoaldean, gatazka politiko historikoa bizi izan du, eta bizi du, espainiar estatuarekin. Auzia eta muina argi daude: espainiar estatuak ez ditu gure herriaren subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea aitortzen.
Ondorioz, gutxienez XIX. mendetik hona, espainiar estatuak errepresio sistemiko, sistematiko eta aho anitzekoa erabili izan du euskaldunen aurka, eta hauen erreakzioak oso desberdinak izan dira: indarkeria hilgarria erabiltzetik erresistentzia demokratikora. Baina 2011n, Aieteko Adierazpenak eta ETAren ezinbesteko eta behin betiko etenaldi armatuak fase historiko berria zabaldu zuten, zeinetan gatazka politikoa eremu soilik politikoan bidera daitekeen.
2011n hasitako aro berri eta bake-bilatzaile honen alde, hainbat eragile sozial eta alderdi politiko mugitu dira, baita unibertsitateak ere, baina UPV-EHUren falta sumatu dugu. Adibidez, 2012an, Bakearen aldeko Foroa egin zen Baionako unibertsitatean (Paue eta Aturriko unibertsitatea), Lokarrik, Bake Bideak eta bertako fakultateak antolatuta. Iparraldeko eragile guztiak han egon ziren. Gero, 2014an, bigarren Bake Foroa egin zuten, eta orduan ere Baionako unibertsitateak paper garrantzitsua izan zuen.
Ipar Irlandako gatazkan, bertako unibertsitateek hainbat ekimen garrantzitsu ezarri dituzte: Ulster University-k CAIN (Conflict Archive on the Internet) online zerbitzua; Dublin City University-k Institute for International Conflict Resolution and Reconstruction; National University of Ireland-ek artxibo digital eta ikerketa gunea; Dublingo Trinity College-k “Conflict Resolution and Reconciliation (CRR)” postgradua; Belfast-eko Queen’s University-k Centre for the Study of Ethnic Conflict; besteak beste.
Non egon da eta zer egin du UPV-EHUk, erakunde modura eta gizarteari begira, euskal gatazkaren konponbidearen alde azken bost urteotan? Zer bake konferentzia edo foro, goi-mailako edo nazioartekoa, gizartean eragin nabarmena izan duena, antolatu edo bultzatu du UPV-EHUko errektore taldeak 2011tik hona? Ematen du etengabe ihes egiten duela alor horretan dagokion protagonismotik.
Badirudi orain arteko errektorea eta bere taldea uzkur ibili direla hainbat hedabide eta erakunde espainiarzalek zer esango/egingo duten kezkaturik; eta errektoregai berriaren gobernu-programa irakurriz, ez dirudi ezer berririk etorriko denik.
Bai, unibertsitate barrenean badago “Ehugune” izeneko eremua, eta honen baitan “Agora: bakea eta bizikidetza” arloa, baina bere helburua ez da gizarteari begira, gatazkaren konponbideari begira, baizik “UPV/EHU barruko bizikidetza sendotzea, intolerantziari aurre egitea, diferentziak onartzea” (webgunetik hartua). Ikasle presoen alorrean ere urratsak eman dira, baina ez dira aski. Konpromiso berezia behar da espainiar estatuan dauden presoen matrikulazio bidea desblokeatzeko.
Halaber, pozgarria da ikustea, 2015eko urrian errektorea eta bere gobernu taldea, publikoki aho batez agertu zirela Europara datozen errefuxiatuen alde. Baina ez dugu honelako jarduerarik ikusi euskal gatazkaren inguruan.
Horregatik, uste dugu, UPV/EHUk aktore garrantzitsu eta aktiboa izan behar duela Euskal Herriko gatazkaren eta ondorioen konponbidean. Izan ere kontua ez da fakultate edo sail bateko irakasle batzuk kongresu edo hitzaldi batzuk antolatzea, edo unibertsitate barrenean biolentziak eta izuak zauritutako bizikidetza errespetura bultzatzea, baizik Euskal Herrian zabaldu den aro berri honetan, unibertsitatea, erakunde modura, aktore garrantzitsu izatea, eta errektorea eta bere taldea bultzatzaile nagusi izatea. Lan horretan laguntzeko gure esku txikia zabaltasunez luzatzen diogu errektore berriari, nahi izango balu.
Azkenik, artikulu hau sinatzen dugunok ez dugu zalantzan jartzen errektoregai berriak duen balio pertsonal eta akademikoa, euskaltzaletasuna, eta kudeaketan duen esperientzia. Baina kontuan izan behar dugu, edozein delarik errektore-taldea, kudeaketak ez lukeela irizpide nagusia izan behar unibertsitate-eredua zehaztean eta aplikatzean. Gure ereduan, beste ezaugarri funtsezkoen artean, UPV-EHUk eragile indartsua izan beharko luke euskal gatazkaren konponbidean.
Iñaki Zabaleta Urkiola
Angel Bidaurrazaga
(UPV-EHUko irakasleak, Irakasle Talde baten izenean)