argia.eus
INPRIMATU
UPNren murrizketen kontra jende andana bildu da Iruñean
Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 04a
Manifestariak Sarasate Pasealekutik pasatzen, gaur goizean

Sindikatuek eta herri mugimenduko hainbat taldek deitu dute mobilizazioa; “planto soziala” izendatu dute gaurko protesta. Eremu publiko zein pribatuetan ezarritako murrizketak agerian uzteko era da, antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Murrizketek hainbat arlotan eragin dutela nabarmendu dute. Besteak beste, oinarrizko errentan, osasungintzan eta lan baldintzen prekarietatean. Salatu dutenez, gizarte gaietarako dirurik ez den arren, AHTko eraikitze lanetan eta enpresen aldeko zerga jaitsieretan nafar politikariek dirua “xahutu” egiten dute.

Manifestazioko deitzaileek UPN jo dute egoeraren erantzuletzat: “UPNk minorian gobernatzen du, gero eta babes gutxiago dauka eta, hala ere, ez du boterea utzi nahi”.

Kritika egiteaz gain, “alternatibak” eraikitzeko deia egin dute, egoera “penagarriari” erantzuna eman asmoz. “Lanaren eta aberastasunaren banaketa nahi dugu eta naturarekiko errespetuz jokatuko duen ekoizpen eredu bat”, aldarrikatu dute. Bide horretatik berdintasunean oinarritutako gizartea eraiki daitekeela uste dute “plantoko” antolatzaileek.

Honako hauek dira protestako deitzaileak: ELA, LAB, ESK, CGT, STEE-EILAS eta EHNE sindikatuak; eta langabezian dauden pertsonen elkartea, Sasoia, Pentsionistak martxan, Oinarrizko Errentaren Jasotzaileak, AHT Gelditu, Herri Ekimena eta Ikasle Abertzaleak.