argia.eus
INPRIMATU
UPNren mehatxuaren aurrean, informatzen jarraituko duela adierazi du Ahotsa.infok
  • Euskarabideak Ahotsa.infori emandako diru laguntza kritikatuz, komunikatu bat egin du UPNk. Horren aurrean, “komunikabide handiek isiltzen dituztenei ahotsa ematen jarraituko dutela” adierazi dute Ahotsa.infoko lagunek.  

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko urriaren 28a

Urriaren 26an egin zuen publiko UPNk komunikatua. “Guardia Zibilaren kontrako gorrotoa bultzatzen duen webgune bat” Nafarroako Gobernuak finantzatzearen kontra egiten du testuak. Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuak uztailean eman zion diru laguntza Ahotsa.infori, “beraien jarraitzaileen artean euskara sustatzeagatik”.

Alde Hemendik kanpaina eta Altsasuko Ospa Eguna “babestu” izana leporatu dio UPNk hedabideari. Urriaren 15ean Altsasun egondako liskarren harira, “bi guardia zibilek eta euren bikotekideek jasandako lintxamendua ukatu eta barregarri utzi” duela ere salatu du alderdiak.  

Horren aurrean, informatzen jarraituko dutela adierazi dute Ahotsa.infotik. Inor edo ezerren kontrako gorrotoa bultzatzen ez dutela azaldu dute, euren lana informatzea dela gaineratuz. UPNk eurekiko “obsesioa” duela ere esan dute, “eraiki duen erregimena eraisteko lanean ari diren antolakunde eta eragileei ahotsa eman” dietelako.

Ahotsa.infok UPNri erantzuteko zabaldu duen komunikatu osoa:

Euskarabideak komunikabide honi emandako dirulaguntza kritikatuz, UPNk ateratako komunikatuaren aurrean, Ahotsa.info-tik hurrengoa esan nahi dugu:

1- Ahotsa.info komunikabide bat da, eta beste komunikabide bat bezala, dirulaguntzak jasotzeko eskubidea dauka. Kasu honetan, euskararen erabiltzeagatik, komunikabide honek daukan konpromezuetako bat, UPNren fobietako bat.

2- Komunikabide bat garen heinean, es dugu inor edo ezerren kontrako gorrotoa bultzatzen. Gure lana informatzea da. Ahotsa.info-n komunikabide handiagoetan azaltzen ez den informazioa aurki daiteke, komunikabide horietan lekurik ez dutenei ematen diegu ahotsa: mugimendu feministari, etxebizitza eskubidearen alde eta etxekaleratzeen kontra borrokatzen dutenei, lanpostua eta bizi baldintza duinak defendatzen dituztenei, giza eskubideen urraketak salatzen dituztenei, gure lurraldera etorkizun hobeago baten bila datozenekin elkartasuna praktikan jartzen dutenei, internazionalistei, antimilitariztei, ekologistei, euskaltzaleei...

3- Agian, Ahotsa.info-rekiko UPNk duen obsesioa horretan datza. Edo izan daiteke webgune honetan aldaketa bultzatzeko eta UPNk eraiki duen Erregimena eraisteko lanean ari diren antolakunde eta eragileei ahotsa eman diegulako.

4- UPN-k Ahotsa.info-ren aurka bultzatzen duen kanpainaren aurrean gure kezka agertu nahi dugu. Horrelako kanpainak martxan jartzen direnean, azken helburua gobernuaren eskutik komunikabide deseroso baten itxiera lortzea da. Aurrekariak ez dira falta: Egin, Egunkaria, Apurtu, Ateak Ireki, Ardi Beltza...

5- Hala eta guztiz ere, konsziente gara UPN-k erabili gaituela Nafarroako Aldaketaren gobernua erasotzeko, eta zentzu horretan, benetazko eraldaketa sozial eta politikoaren alde irmoki jarraituko dugu lanean.