argia.eus
INPRIMATU
Yolanda Barcina izendatu dute bitan zatitutako UPNko buru
  • Yolanda Barcina izango da UPNko presidentea datozen lau urteetan ere. Asteburuan egindako Kongresuan 871 boto (%51,78) lortu zituen Nafarroako presidenteak, eta 795 Alberto Catalanek. Bi hautagaien arteko alde txikiak agerian jarri du alderdiak bizi duen zatiketa.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko martxoaren 18a
Yolanda Barcina eta Alberto Catalan (Argazkia: Teinteresa.es)

Alderdiko presidenteorde Juan Antonio Sola izendatu dute, eta idazkari nagusi Oscar Arizcuren. Zuzendaritzako eta batzorde politikoko kideak ere hautatu ditu UPNk. "Karguen banaketak sanzismoaren azken arrastoak ezabatu ditu", dio Ibai Fernandez kazetariak Diario de Noticias egunkarian. "Halaber, Catalanen kolaboratzaileak ostrazismora eraman ditu eta zuzendaritza organoetan Barcina oposiziorik gabe utzi du".

Mafarroako presidenteari garaipena garesti atera zaiola adierazi du Fernandezek. "Kanpaina gogorra eraman du aurrera, zauri gehiegi eragin duten neurriz kanpoko adierazpenekin zipriztinduta. Haren taldeak baliabide ugari erabili du: presioak, telefono deiak eta adierazpen polemikoak. Oposizioa aurkeztera ausartu ez den zentsura mozioa sustatu izanaz akusatu dute Catalan".

Catalanek ez omen du asmatu diskurtso horri erantzuna ematen: "Ez du lortu PSNrekin akordio batera heltzeko gai ez den presidentea berriro aukeratzeak dituen arriskuez ohartaraztea. Eta PSN da epe ertain eta luzera begira UPNk boterean iraunaraztea lor dezakeen alderdi bakarra".

Zentzu horretan, Barcinak esan du PSNrekin akordioetara iristen saiatuko dela: "Guztion interesean oinarritutako akordioak izango dira, eta ez inolako edukierarik ez duten konponketak". Kongresutik alderdia indarturik atera dela dio, eta beharrezko bultzada jaso duela bere "trantsizioa" egiteko. Galtzaile bakarrak "abertzaleak" izan direla gaineratu du.