argia.eus
INPRIMATU
UPNko zinegotzi batek “puta-kumeak” deitu ditu Podemosekoak
  • Joan den asteartean idatzi zuen iraina Twitterreko bere kontuan, epaile batek atzera bota zuenean UPNk Pablo Iglesiasen aurka jarri zuen salaketa, hark nabarristak “ustelak” deitu zituelako.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko martxoaren 10a

Epaileak zioen Podemoseko buru Pablo Iglesiasek esandakoak iraingarriak izan zitezkeela UPNrentzat, baina esandakoak lehia politikoaren eta adierazpen askatasunaren esparruan egin zirela eta, beraz, ez direla zigorgarriak.

Albistea jakin zenean, Berrioplanoko (Nafarroa) zinegotziak zera idatzi zuen Twitterren: “Atzera bota dute UPNk Pablo Iglesiasen aurka jarritako salaketa. Politikoki esanda, Podemosekoak puta-kume batzuk dira”.

Pablo Iglesiasek berak bertxiotu zuen mezua eta jasotako kritika zaparradaren ondoren zinegotziak atzera egin zuen eta “beroaldi bat” izan zela esanez desenkusatu egin zen. Zinegotziak sarri erabiltzen du doinu garratza eta iraingarria bere Twitter kontuan, beheko mezuetan ikus daitekeen legez. Diario de Noticias-ek dioenez, hura izan zen Ainhoa Aznarez Nafarroako Legebiltzarreko lehendakariari Berriozarren irain egin ziotenetakoa, hura ETAk hildako Francisco Casanova militarraren omenaldira joan zenean 2015eko abuztuan.

Beste mezu asko ere irain modu berekoak dira.