argia.eus
INPRIMATU
UPN Pirritx, Porrotx eta Marimotots Atarrabian zentsuratzen saiatzen ari da, alferrik
  • Nafar regionalistek “txiringito independentistei mesede egiten dien” emanaldi gisa kalifikatu dute iganderako Atarrabian aurreikusitako ikuskizuna. Ez da lehen aldia, aurretik ere egin izan dute Iruñean, Lizarran eta Burlatan.

Julene Flamarique 2024ko urriaren 03a
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna.

Atarrabiako UPN alderdiak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizunari errefusa adierazi dio Udaleko azken plenoan. Hala eta guztiz ere emanaldiak aurrera jarraituko du eta sudur-gorriek urriaren 6ean bi ikuskizun eskainiko dituzte Kultur Etxean, 16:30ean eta 18:30ean, jaietako programazioaren barruan.

“Ezin ditugu ETAren auziarekin markatutako ibilbidea duten pailazoak diru publikoarekin kontratatu”, azaldu du alderdiak Diario de Noticiasek jaso duen bezala. “Terrorismoa gaitzesten ez duten kideak daude pailazoen artean”. UPNren hitzetan, “EH Bilduren politikaren markoan sartzen den ikuskizuna da, antzeko taldeak eta txiringito independentistei mesede egiten diena”.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek publikoki adierazi izan diete elkartasuna euskal preso politikoei, bai haiei eskainitako abestien bidez baita euren inguruko ekitaldietan parte hartuz.

Alderdiak adierazi duenez, haurrei zuzendutako euskarazko ekintzak egitearen alde dago, “baina ez propaganda abertzale erradikala helarazteko gizartearen talderik babesgabeena erabili duen taldearekin”.

Ez da lehen aldia

Ez da lehen aldia UPN edota Navarra Suma pailazo hauen aurka egiten saiatu izan dela; 2019ko azaroan UPNren Iruñeko Udalak bertan behera utzi zuen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Bizidantza ikuskizuna. Maiatzetik hitzartuta zuten aurreko udal gobernuarekin baina UPNren udalak atzera bota zuen antzezlana “paper bat edo beste falta zelaren” aitzakiapean.

Lizarran Navarra Sumak 2020eko urtarrilean betoa ipini zien pailazoei. Garean elkarteak antolatu zuen emanaldia Lizarrako kiroldegian eta ikuskizuna baino bi aste lehenago ezetza jaso zuen. Emanaldia duela hamar urte ospatzen zen Lizarraldean eta “kiroldegiko entrenamenduek lehentasuna zutela” izan zen udalak emandako justifikazioa.

2021ko apirilean Burlatako Kultura eta Jaietako Patronatuko Batzordeak Pirritx, Porrotx eta Marimotosen emanaldia prestatu zuen herriko elkarte nahiz kolektiboekin batera. Emanaldia bertan behera geratu ez bazen ere, Navarra Suma alderdiak ikuskizuna errefusatu zuen, beste alderdi edota taldeen kontrara.