Talde bakoitzak bere ikuspegia azaldu ondoren, ostegun honetan egin da bozketa Nafarroako Legebiltzarrean eta UPNk eta PSNk aurka bozkatu dute. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak alde. Horrela, ez da onartu Mañeruko Udalak eremu mistoan sartzeko aho batez egin duen eskaera.
Iragarritakoa gertatu da bozketari dagokionez, eta egungo gobernua osatzen duten Geroa Bai eta PSNren arteko borroka dialektiko handia izan da. Geroa Baiko Jabi Arakama parlamentariak defendatu du Mañeru eremu mistoan sartzeko proposamena eta PSNri leporatu dio UPNren eskutik joatea eta konplexuz beteta egotea. PSNko Inma Juriok erantzun dio Geroa bai gaiaren erabilera politikoa egiten ari dela, eta sozialistak eroso daudela haiek aita ponteko diren Euskararen Legearekin, hark egoki islatzen duelako Nafarroako egoera soziolinguistikoa.
PSNk proposamena elektoralistatzat jo du Juriok, eta Geroa Bairi hauteskundeen atarian eramatea leporatu dio. Arakamak erantzun dio haiek askoz lehenago eraman nahi zutela osoko bilkurara, baina PSNk denbora eskatu ziela gaia ongi aztertzeko. Euskararen legea 2010ean, 2015ean eta 2017an aldatu izan da, horietan guztietan herri berriak gehitzeko eremu mistora. Arakamak gogoratu dio PSNri 2010ean, Roberto Jimenezen PSNk egokiago jokatu zuela orain Chiviteren PSNk baino. Orduan Jimenezek argi adierazi zuela udalek aldaketa onartuz gero, PSNk ez zuela aurka egingo, baina orain, kontra egiten ari dela, Mañeruko udal autonomia eta herritarren borondatearen gainetik.
PSNk argudiatu izan du proposamena legealdiaren amaieran datorrela, baina Arakamak gogorarazi dio ostegunean bertan beste lau lege bozkatuko zirela eta, gutxienez, beste bost legealdia amaitu aurretik bideratuko direla, baina sozialistek ez zutela arazorik horiekin, “euskararekin bai, ordea”.
Sozialistek nagusiki arrazoi soziolinguistikoak argudiatu dituzte aldaketari ezezkoa emateko, baina Arakamak gogorarazi die inguruko herrien antzera dagoela Mañeru, eta aurrera begira aurreikuspen onekin gainera, haurren %65 D ereduan matrikulatua dagoelako eta gainerakoa A ereduan (euskara ikasgaia da). Datu soziolinguistikoen arabera, gaur egun Mañenun %10ek daki euskaraz, eta beste %10ek ulertzen du, Arakamak azaldu duenez. Udalaren eskaeraz gain, Euskarabidearen inkesta baten arabera, Mañerutarren bi herena eremu mistora pasatzearen aldekoa da.
Tinko erantzun du PSNko Jurio parlamentariak, eta ihardetsi dio aurreko legealdian Uxue Barkosen gobernuak ez zuela Mañeru eremu mistora eraman, herritarren erdiak baino gehiagok sinadura bidez hala erabaki zuenean: “Zergatik? Konplexuz beteta zuek zaudete!”. Eta Arakamak erantzun: “Udalak ez zuen eskaera hori egin eta begirune demokratikoz ezin genuen halakorik erabaki”.
Juriorentzat euskararen ofizialtasuna helburu gorena da euskal nazionalistentzat, baina ez du ulertzen zer egiten duten ikuspegi horretan Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak, “bidesaria ordaintzen ari direla esan zien” eta euskaren eskubideak ez direla konparagarriak errenta bermatuarenarekin edo beste hainbat eskubide sozialekin. “Gu begirunez jardungo gara Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin eta horregatik ezezkoa emango diogu proposamenari”, bukatu du Juriok.
Ohikoa duen gisa, zuzen aritu zen Navarra Sumako parlamentari Iñaki Iriarte eta horrelako proposamenek herritarrak elkarren aurrez aurre jartzen dituztela azpimarratu zuen. Aipatu zuen iruindarren %26k aitortzen duela ingeles ezagutza maila bat eta horregatik ez dutela eskatzen errealitate horrekiko egokitzapenik. Mañerun euskaldunak askoz gutxiengo txikiagoa direla gogoratu du.
Debatean zehar, mozioaren aldeko indarrek behin baino gehiagotan adierazi zuten Mañeru eremu mistoan sartzeak ez ziela kalterik egiten euskaraz ez zekitenei, eta aldiz, euskaldunen eskubideak hobeto bermatuko zirela. Baina Iriarteren esanetan, horrelako eremuetan, ez euskaldunak beldur dira halako aldaketek ekarri ahal dieten kaltearekin. Horrek haientzat bestelako betebeharrak ekar ditzakeelako, eta hain zuzen ere, hori dela konpondu beharreko egiazko sudokua. “Euskal nazionalistentzat euskararen eremuan egiten diren aurrerapen guztiak aurrerapausoak dira eraikuntza nazionalean”, baina bere ustez horrek pixkanaka “enfrentamendura garamatza”.
Iriarteren esanetan, 1986ko Euskararen Legea oso eskuzabala izan zen eremu euskaldunaren mugak finkatzean. Proposamenari ezezkoa emango diotela berretsi zuen: “Ez da ona elkarbizitzarako halako aldaketak modu arinean egitea”.
Bakartxo Ruiz: "Borondatez eta askatasunez"
Halako urratsak borondatez eta askatasunez eman behar zirela aipatu ohi du PSNk, eta bere txandan, EH Bilduko Bakartxo Ruizek erantzun zion kasu honetan hala egiten ari dela, eta ez dagoela arrazoirik Mañeruko Udalak aho batez eskatutakoari ezetza emateko: "Non dago eskandalua?". Ruizek leporatu dio PSNri euskararen gaian pauso bat aurrera egitea eta beste bi atzera, eta berretsi du garai egokia dela aldaketa egiteko, udalak hala eskatzen badu.
Lotura honetan ikus daiteke eztabaida, 4. minututik aurrera gutxi gorabehera: