UPNren ekimenez eta PSNren sostenguz, Iruñeko zortzi auzotako familien eta haurren arretara bideratutako zerbitzuak aldatzea erabaki zuen ostegun arratsaldez Iruñeko Udalak. EH Bilduk eta Geroa Baik aurka egin dute, urte luzetako lana desegingo dela salatuz.
Orain arte, auzoan errotutako prebentzio talde komunitarioek bideratzen dituzte zerbitzu hauek eta aurrerantzean zuzenean egingo du udalak, oraindik ongi azaldu ez duen Coworkids izeneko zerbitzuen bidez. Udalaren esanetan, zerbitzu hori orain ez da hiri osoko auzoetara iristen eta molde berriarekin bai, eta, gainera, UPNren arabera, udalak orain arteko zerbitzua hobetuko du.
Zerbitzu hauek, funtsean, aisialdiko eskaintzak egiten dituzte haur eta gazteentzat, arreta berezia jarriz auzoetan arazoak edo zailtasunak dituzten haurrekin eta familiekin: astean zehar jarduera mota ugari bideratuz eta opor garaietan kanpaldiak edota udalekuak eginez, besteak beste. Haurrak hezi ahala, gero hauetako askok parte hartzen dute ondorengo belaunaldien zaintza eta arretan, boluntario gisa. Eta haurren bueltan, era batera edo bestera, beti dabiltza familiak. Horrela lortzen da harreman sareak eraikitzea, hainbat adinetako haur eta gazteen artean, eta sarri nagusiekin ere bai, beti ere auzoan errotzea lagunduz eta auzoari bizitasuna emanez. Sakonean, badu zerikusi handia auzoa modu komunitarioan eraikitzearekin, bazterretan daudenak ere eraikuntza horretara batuz.
Zerbitzu hauek udaleko teknikariak eta auzo elkarteetako langile eta boluntarioen artean koordinatzen dira, oso errotuta daude eta, duten funtzio sozialagatik, oso estimatuak dira auzoetan. Horren erakusle zen ostegun arratsaldeko Iruñeko Udaletxe plaza: udalak gaiaz ebazteko osoko bilkura egiten zuen bitartean, auzoetatik hurbildutako ehunka pertsona bildu zen UPNren asmoez protesta egiteko. Gaiaz arduratzen diren udal teknikariek ere protesta publikoa egin dute, erabakiarekin haien desadostasuna erakutsiz.
Iruñeko Udalean UPN hiriko auzo elkarteen aurka izaten ari den jarreraren aurka mobilizazio jendetsua orain udaletxe plazan. Jende asko eta askotarikoa, honek herritarren sentimendu sakonak ukitzen ditut. pic.twitter.com/bn0lHgRLKN
— Xabier Letona (@xletona) November 5, 2020