Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuela bost urte beteko dira aurtengo Sanferminetan. Hori gogoratuz, uztailaren 3 eta 4an antzezlana egiteko asmoa zuten haren familiak eta Astelehen Lilak elkarteak, baina baimena ukatu die UPN alderdiak (gainerako alderdiak egitearen alde daude). UPNk gaia ezkutuan mantendu nahi duela eta antzezlana egin egingo dutela erantzun dute antolatzaileek.
Data horietan Sanferminekin zerikusia duten ekintzak baino ez dira onartzen eta antzezlanak zirkulazioa oztopatu dezake. Argudio horiekin debekatu du Ignacio Polo Iruñeko Hiri Segurtasunerako zinegotziak Laffageren omenezko antzezlana. Harrituta eta haserre, bilera eskatu zuten atzo antolatzaileek alderdi politikoekin. Denak agertu ziren, UPN eta PP izan ezik. Bileraren aurretik, hala ere, ezezkoa mantendu zuen Polok.
"Polok dio hilketa ez dela Sanferminetako gaia. Argi eta garbi bada, Nagore Laffage 2008ko uztailaren 7an hil baitzuten. Antzezlan honek Sanferminen egitarauan egon beharko luke, beste emakume bati berdina gertatzea saihesteko, eta baita oroigarri garrantzitsu gisa, Lafaggerentzat eta emakume guztientzat. Gaia kalera atera behar da eta ez da ezkutatzen saiatu behar, bost urteotan sistematikoki egin den moduan", salatu zuen atzo Tere Saez Astelehen Lilak elkarteko koordinatzaileak. Gainera, zirkulazioa oztopatzeari buruz gogoratu zuen uztailaren 6aren aurretik ekintza asko onartzen dituela Udalak kalean, horietako batzuk pribatuak.
Kale bat Nagorerentzat
Bestalde, ekainaren 7an eskaera bat egin zen Udalean, Iruñeko kale bati Nagore Laffage izena ipintzeko. Indarkeria matxistaren biktima diren emakume guztien aitortza izan nahi du kaleak, baina eskaerak ez du oraindik erantzunik jaso.
Hilketa eta epaiketa polemikoa
2008ko Sanferminetan, goizaldean, neska irundarra Jose Diego Yllanesen etxera igo zen, Iruñean. Laffagek handik joatea erabaki zuenean, mutilak ez zion alde egiten utzi eta hil egin zuen. Herri-epaimahaiak ebatzi zuen Yllanesek ez zuela Nagore asasinatu, baizik eta aurrez pentsatu gabeko hilketa izan zela, eta ondorioz kartzela-zigorra arinagoa izan zen.