argia.eus
INPRIMATU
UPNk errieta Alliri, Espainiako Kongresuko saioen %18ra huts egin ostean: “Ez dadila errepikatu”
  • UPN isilik egon da Alli auziari buruz, baina azkenean, kazetarien galderei erantzunez, ostegun honetan hitz egin behar izan du Javier Esparza alderdiko buruak: diputatuaren jarrera ez zaiola gustatzen adierazi du eta hala jakinarazi zaiola berari ere.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 15
Javier Esparza UPNko lehendakaria.

Alderdi erregionalistak ez zuen berdin jardun Uxue Barkos lehendakariarekin, zeina auzitegietara eraman zuen Barkos Iruñeko Udaleko zinegotzi zela berau hainbat bileretara ez zela joan argudiatuz, horretarako dietak jaso zituenean.

Orduan Barkosek hasieratik ukatu egin zituen salaketak eta epaileek arrazoi eman zioten. Orain, Allík hasieratik onartu du ez dela joan Diputatuen Kongresuko saioen %18ra, baina joan izan balitz moduan kobratu duela; bere alderdiak, alabaina, ez dio egin inolako eskaera publikorik.

Allík bi arrazoirekin justifikatu ditu falta horiek: familian izandako ume berria eta egiten ari den masterra. Masterragatik joan ez zen saioen dirua itzuli egingo du, baina besteak ez, jakinarazi duenez, berak kontziliazioan sinesten duelako eta bere ekarpena egin behar izan duelako familian.

Kazetarien galderei erantzunez, Esparzak aipatu du alderdiak eman dituela “eman beharreko aginduak egoera errepikatu ez dadin, baina horiek alderdiaren barruan” geratzen direla.