argia.eus
INPRIMATU
UPN, PP eta C'S bat eginda, ERC eta EH Bildu ere bai, eta EAJ Puigdemontekin?
  • Mugimendu handiak daude datozen hauteskundeetako hautagaitzetan. Eskuinak batzera jo du Nafarroan eta ezkerreko mugimenduak ere izaten ari dira. Lehia oso gogorra izango den seinale.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 11
Jose Javier Esparza eta Pablo Casao akordioa sinatzen Iruñean.

UPNk otsailaren amaieran iragarri zuen Nafarroan PPrekin joango zela datozen apirilaren 28 Espainiako hauteskunde orokorretan eta maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan. Orain UPNk proposatu dio Ciudadanosi elkarrekin joatea bi hauteskundeetan eta Ciudadanosek onartu egin du. Navarra Suma deituko da hiru alderdien koalizioa. Alderdi hau foruen aurkakoa da eta behin baino gehiagotan iragarri du boterera iritsiz gero hauek ezabatuko lituzkeela, baina UPNk dio, itunak independentistei egin nahi diela aurre eta Ciudadanosek bazterrean utziko lukeela foruak ezabatzearena. Edozein modutan, adibidez, Albert Riberak Valentzian asteburuan esan duenez, gobernura iristen bada eskoletako testu liburuak Madrilen egingo dira eta ez autonomietan.

Ezkerrean ere badira mugimenduak, lehenbiziz ERC eta EH Bildu elkarrekin aurkeztuko direlako Espainiako Legebiltzarrera. Ez dute argi oraindik zein formularekin, baina bai talde bateratua izango dutela Espainiako Kongresuan. Egia esan, oraindik aurreakordioa da, baina ez dirudi oinarriek ezetza emango diotenik erabakiari. BNG eta beste indar batzuk ere akordiora hurbildu nahi dituzte. Maiatzeko Europako hauteskundeetarako, esaterako, hiru indarrak elkarrekin doaz.

Legealdian zehar Nafarroako Gobernua sostengatu duten Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra, halaber, Senaturako elkarrekin aurkeztuko direla iragarri dute iragan asteburuan.

EAJk Europako hauteskundeetan zer egingo duen ere airean da. Ohikoan CiUrekin joan da, baina hau desagertu ondoren, PDeCATek erabaki du bere hautagaia Carles Puigdemont izango dela eta ez dago garbi honen aurrean jeltzaleek zer egingo duten. Astelehen arratsaldeko bileran jorratuko dute gaia.