argia.eus
INPRIMATU
UPNk eta PSNk ez dute lortu Raimundo el Canastero zentsuratzea Tafallan
  • UPNk mozioa aurkeztu du Tafallako udalbatzan gobernu taldeari eskatzeko bertan behera utz dezala Raimundo el Canastero musika taldearekin zuen kontratua jaietan kontzertu bat egiteko. Lizarrako jaietan izandako polemikaren ondoren etorri da zentsura eskaera. PSN batu zaio eskaerari, baina ez dute lortu aurrera ateratzea eta, programatuta zegoen bezala, 18an joko du taldeak.

Axier Lopez @axierL 2024ko abuztuaren 09a

UPNk mozioa aurkeztu du Lizarrako Udalaren osoko bilkuran, Raimundo el Canastero taldearen kontzertu bat bertan behera uzteko eskatzeko. UPNren mozioaren arabera, musika taldea "Lizarrako alkatearen aurkako heriotza-mehatxuen, irainen eta adierazpen matxisten egilea da, eta argi dugu adierazpen askatasuna ez dagoela beste ezeren gainetik", azaldu du Amaya Urduña alderdi eskuindarraren bozeramaileak.

Tafallako gobernuko indarrek, EH Bildu, Iniciativa por Tafalla, Contigo-Zurekin eta Geroa Baik, ez dute mozioa babestu eta salatu dute UPNren asmoa "alderdikoia" dela, nahiz eta abestiaren letrarekin ados ez daudela adierazi. Noticias de Navarran jaso dute Iniciativa por Tafalla-ko eta udal gobernuko kide Goizeder Juangoren hitzak: "Zinez sentitzen dugu proposamen honek are gehiago zabaldu duela abestia, eta horren edukia erabat arbuiatzen dugu”.

UPNren eta PSNren zortzi botoak ez dira nahikoa izan zentsura mozioa aurrera eraman eta gobernu taldearen kontrako bederatzi botoei aurre egiteko. Beraz, herriko festetan programatuta zegoen bezala, abuztuaren 18an Tafallako Nafarroa plazan, kontzertua eskainiko dute Raimundo el Canasteroko lagunek.

Lizarrako polemika

Lizarrako UPNk Raimundo el Canastero Herriko musika taldea salatu du Beff D 'Alda abestiagatik. Abesti horretan Lizarrako Udala kritikatu dute txosnak eta La Bota peñak euren ohiko lekuetan jartzeko baimenik ez emateagatik. Umorez, ironiaz eta kritikaz betetako abestia da, Marta Ruiz de Alda alkateari zuzendutakoa. Raimundo el Canasteroko kideek adierazi dutenez, abestiaren tonua "komikoa eta ironikoa" da eta "ez dela gorrotoaren erakusgarri, eta ez duela inor jaietan indarkeriazko ekintzak egitera  bultzatzen". Baina azpimarratu zutenez, "Lizarrako gazteen zati handi batean dagoen amorru eta ezintasun sentimendua islatzen du, hainbeste urtetan landu duten jai-eredua, begi kliskada batez lurperatua izan baitute".