argia.eus
INPRIMATU
UPN
“EH Bildu ekuazio guztietatik kanpo utz dezakegu”
  • Alderdi erregionalistak “arduraz” jokatzeko konpromisoa adierazi du, eta eskua luzatu die sozialistei “zentzuz” jokatu eta EH Bildu baztertzeko. PSNk egungo formula errepikatu nahi badu, nahitaez, EH Bildurekin adostu beharko du.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko maiatzaren 29a

“PSN da EH Bilduren igoeraren errudun; zuritu egin du urteotan, harekin akordioak erdietsita”, nabarmendu du Javier Esparza UPNko buruak. Orain, ordea, sozialistek “zentzuz jokatzeko” aukera badutela esan du; alegia, UPNren aldera jota. Eskua luzatu dio PSNri, “politika erradikal eta muturrekoetatik aldentzeko”. Izan ere, Esparzaren hitzetan, "UPN garaiezina da eta garaiezina izango da".

Chivite (PSN): “UPNren polarizazioaren eraginez igo dira bai Vox eta bai EH Bildu”

Navarra Sumak 20 eserleku atera zituen azken hauteskundeetan, eta orain, bereizita aurkeztuta, 15 eskuratu ditu UPNk, 3 PPk eta 2 Vox-ek. Eskuineko koalizio handi hartan ez zegoen Vox, eta Chivitek Esparzari leporatu dio ultraeskuinari “faborea” egitea.

Garaipena ospatu du, dena den, PSNk. “Gobernua osatzen dugun ezkerreko blokeak eskuineko oposizioa gainditu du, beste behin”, nabarmendu du Chivitek. Hala ere “lasai egoteko” eskatu zuen, eta ez zuen esplizituki presidentetzat jo bere burua, ez baitago bere esku. "Hitz egin beharko da", seinalatu zuen, alderdien izenik eman gabe.

Aznal (EH Bildu): “EH Bildurekin hitz egin beharko da, nahitaez”

EH Bilduk izango du Nafarroako Gobernuko giltza, beste behin. Oraingoan, ordea, babes handiagorekin.

Chivitek elkarrizketak hasi beharko ditu bereziki EH Bildurekin, egungo formula errepikatzeko haien oniritzia beharko dutelako, abstentzio forman bada ere. Hirugarren indarra bihurtu da EH Bildu Nafarroan, UPNren eta PSNren atzetik.

Barkos (Geroa Bai): “Ez dira emaitzarik onenak, baina erabakiorrak gara”

Geroa Bai-k bi eserleku galdu ditu, EH Bilduk irabazi dituenak.

Kritiko hitz egin zuen egindako lanarekiko, baina ez zuen porrot gisa jo: “Serio lanean jarraituko dugu, anbizioz, gure taldea erabakiorra delako Nafarroako herritarrentzat”. Chiviteren bidetik, ezkerreko blokeak eskuina gainditu zuela nabarmentzean jarri zuen fokua.

Alfaro (Contigo Zurekin Nafarroa): "Gobernu aurrerakoia nahi dugu, baina ez edozein preziotan"

Koalizio moreak argi esan zuen Chiviteren aldera joko duela gobernua osatzeko, "baina ez edozein preziotan". Hiru parlamentari eskuratuta, "positiboki" baloratu zituen hauteskundeen emaitzak. Izan ere, azkenengoetan, egoera konplikatuan aurkeztu ziren alderdiek botoen %1,6 soilik jaso zuten; oraingoan, elkartuta, programa zehatzagoarekin, %6 jaso ditu.

"Indarra irabazi dugu gobernu aurrerakoi baterako bidean", nabarmendu zuen Alfaro hautagaiak. "Prest gaude hitz egiteko".