Ez da lehenengo aldia, aditua izan ei naiz kontraesanetan. Oreka, baietzaren eta ezetzaren arteko muga non marraz daitekeen bilatzen. Analisi topografikoa, neurriz neurri morala triangelatzen. Tatuaje erraldoia bekokian: Bai, baina… Erabaki batera iristeko, inoiz nire belaunaldiko batek eman duen iritzi biejunoena aitortzeko: ez dut gustuko adimen artifiziala.
Are gehiago: gorroto dut, ezin dut jasan, agortzen nau, oinazea sentiarazten dit, urduritzen nau, higuina diot… Benetan. Pun, bonba. Sega-potoa hartu eta sartzen naizen tokian sartzen naizela ere, bertan topatu egiten dut. Lagunekin mintzo naizenean, klasekideekin, lankideekin, baita familiarekin ere. Hemendik aurrera garagardoak ere AA batek zerbitzatuko ditu.
Ni neu ez nago oso harro zure osaba pedantearen iritzi bera edukitzeaz, baina tira, honi ere aukera bat eman behar zitzaion
Zintzoa banaiz, ezin dezaket uka saiatu naizenik. Behin. Birritan. Hamaika bider. Eta nire tesia babestera besterik ez nau eraman harreman horrek. Zentzugabekeriak, bata bestearen atzetik, inoiz okurritu zaizun ondorio epelenera heltzeko. Tartean, publizitaterako eta propagandarako tartea ere badago, eta trukean zure datu denak oparitzen dizkiozu ez-dakit-nori ez-dakit-zertarako.
Gainera, bada nigan bizi den munstrotxo konspiranoiko bat, zera galdetzen duena: nork kaleratu du horrelako makinatzar bat? Zertarako? Ez da jendearen ongizaterako, esan gabe doa. Nire apustua zera da: tontotze makina sekulakoa, jendeak segundo batez sikiera pentsatzea ekiditen duena. Interneteko bilatzaileetan bazegoen, behintzat, hamar segundoko hausnarketatxo bat egitea eta pentsatzea, akaso, telacuelo.net atariak ateratzen dituen berriak ez direla fidatzeko modukoak.
Hori dena gutxi bailitzan, geroz eta ohikoagoa da kontsumitzen dugun kulturan adimen artifizialez sortutako artea. Bueno, artea denentz eztabaida luze eta potoloegia da dimentsio honetako deklarazio baterako, baina bai ohikoak direla tresna horren bitartez sorturiko ilustrazio, testu, bideoak… Gehienetan nahiko nahasgarriak, egia esan. Inolako arimarik ez duten sorkuntzak, ikusi bezain azkar ahanzteko sortuak. Zertarako eta ezertarako ere ez, eta intentzionalitate gabe sortzen den guztia bezala anekdota funtsbako bilakatzen da.
Begira, hau ez da lezio moralen dekalogoa, ezta inondik inora ere. Gonbita da, gelditzekoa. Ordu erdian egin daitekeen lanari ordu erdi dedikatzekoa, bost orrialdeko testu aspergarri horri aukera bakan bat ematekoa, arroz-esnea nola egiten den gurasoei galdetzekoa. Ni neu ez nago oso harro zure osaba pedantearen iritzi bera edukitzeaz, baina tira, honi ere aukera bat eman behar zitzaion.