argia.eus
INPRIMATU
Unionisten betoaren ondoren, Londresko gobernuak hauteskundeak deituko ditu Ipar Irlandan
  • Sinn Feinek lehenbiziz irabazi zituen Stormonteko Legebiltzarrerako hauteskundeak iragan maiatzean eta horrek ematen dio gobernu autonomoa gidatzeko aukera, baina DUP alderdi unionistak uko egin dio gobernuko bere kideak izendatzeari.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko urriaren 28a
Jeffrey Donaldson DUPko liderra, eskuinean, Ipar Irlandako hauteskundeak baino lehen, botoa eske. (Arg.: The Telegraph

Hauteskundeen ostean sei hilabetetan gobernu akordiorik ez bada, hauteskunde berriak deitu behar direla dio Ipar lrlandako legeak. Ostegun honetan egin zen gobernua osatzeko laugarren saioa legebiltzarrean, eta ostera ere DUPek uko egin zion gobernuko lehendakariordea eta dagozkion gainerako ministroak izendatzeari. 1998ko Ostiral Sanduko Akordioen arabera, Ipar Irlandako gobernua unionista eta irlandar abertzaleen artean osatu behar da ezinbestean, hauteskundeetako irabazleak lehen ministroa izendatuta.

DUPen esanetan, ez ditu izendapenak egingo Irlandako eta Erresuma Batuko gobernuek Brexitaren protokoloa aldatu arte. Ostiral Santuko Akordioaren arabera, Irlandan ez zen muga ikusgarririk izango ipar eta hegoaren artean, eta beraz, akordioa kolokan ez jartzeko, Europar Batasunak, Irlandak eta Erresuma Batuak adostu zuten aduana egongo zela Ipar Irlanda eta Erresuma Batua artean.

DUPk ez du hori inoiz onartu, esaten du haien herritartasunean desberdintasunak sortzen dituela Erresuma Batuko gainerako herritarrekin, eta hori aldatu ezean, uko egingo diola Ipar Irlandako Gobernuan parte hartzeari. Gogora ekarri behar da, halaber, 2016ko erreferendumean Ipar Irlandako herritarrek ezezkoa eman ziotela Brexitari.

Alderdi guztien arabera, hauteskunde berriek ez dute egoera konpontzen lagunduko, baina iritzi horiei muzin eginez, espero da Ipar Irlandarako estatu idazkari Chris Heaton-Harris-ek ostiral honetan deituko dituela hauteskundeetara datorren abenduaren 15erako. Bitartean, Londresek aginte autonomoa bere esku hartzen badu, Sinn Feinek iragarri du jada eta duela horrelakorik onartuko.